Etxebizitza eta ekonomia dira EAEko herritarren kezka nagusiak, erabakigarriak iruditzen zaizkien hauteskunde orokorren atarian
Etxebizitza da EAEko herritarrentzat arazo nagusia, Eusko Jaurlaritzaren Soziometroaren arabera. Urriaren 20tik 23ra bitartean galdekatutako ia 3.500 pertsonen erantzunetan oinarrituta, % 72k hiru kezka nagusien artean aipatu du etxebizitza, lan-merkatuaren (% 40) eta osasunaren (% 22) oso aurretik.
Etxebizitza eskuratzeko arazoek ere isla zuzena dute eguneroko bizitzako kezken artean. Arazo pertsonal nagusietako bat da, zailtasun ekonomikoekin, enpleguarekin eta osasun-arretarekin batera. Arazo ekonomikoak % 27k aipatzen dituzte, etxebizitza % 26k, lan-merkatua % 21ek eta osasuna % 20k.
Delinkuentzia eta herritarren segurtasunik eza bigarren maila batean daude, eta herritarrek identifikatutako arazoen artean horien presentzia gutxitu egin da. % 16k esaten dute delinkuentzia arazo nagusietako bat dela (aurreko inkestan baino % 5 gutxiago)
Immigrazioa eta horrekin lotutako gaiak, berriz, % 13k aipatzen dituzte (% 2 gutxiago).
Espainiako Estatuarekin alderatuta, Euskadik kezka-profil desberdina du. Etxebizitzak eta lan-merkatuak pisu handiagoa dute hemen, eta immigrazioarekiko kezka Estatukoaren erdia da: % 13 eta % 26, hurrenez hurren. Egoera politikoaren eta alderdien arteko gatazken inguruko kezka ere txikiagoa da, Euskadin apenas % 7k aipatzen baititu, eta Estatu osoan, berriz, % 53k.
Hauteskunde orokorrak
Egoera politikoaren balorazioak ere badu alderik EAEren eta Espainiaren artean. % 60k uste du euskal egoera politikoa ona edo oso ona dela, baina Espainiakoari buruzko iritzia askoz ere txarragoa da: % 17k baino ez du balorazio positiboa egiten, eta % 40k, berriz, txartzat edo oso txartzat jotzen du. Alde hori erakundeekiko konfiantzan ere islatzen da, Eusko Jaurlaritzari ( % 72) babes handiagoa ematen baitio Espainiako Gobernuari ( % 30) baino.
Testuinguru horretan, EAEko gehiengo zabal batek garrantzitsutzat jotzen ditu datorren azaroaren 29ko hauteskunde orokorrak. % 60k oso garrantzitsutzat jotzen ditu, eta beste % 22k nahiko garrantzitsutzat; % 18k, berriz, garrantzi gutxi edo batere ez die ematen.
Euskal interesen defentsa
Botoa erabakitzeko orduan, EAErentzat hobekuntzak lortzeko gaitasuna izango da irizpide nagusia, hala dio behintzat galdekatuen % 43k. Beste % 27k garrantzi handiagoa emango dio bere ideologiaren aurkako alderdiren baten garaipena galarazteari. % 10ek, berriz, alderdi politikoa lehenetsiko du, eta % 8k Espainiako Gobernuko presidentearen inbestiduran eragiteko gaitasuna. Hautagaiarekiko atxikimendua oso bigarren mailan geratuko da, % 4rekin.
EAJ da euskal interesak hobekien defendatzen dituen alderdia herritarren % 29arentzat, eta EH Bildu % 25entzat. % 27k uste du ez dagoela alerdirik interes horiek defendatuko dituenik.
Alderdien eta buruzagien balorazioa
Euskal alderdiekiko atxikimenduari dagokionez, EAJ kokatzen dute lehen postuan, 5,1eko batez besteko notarekin (10etik), eta ondoren daude EH Bildu (4,7) eta PSE-EE (4,4).
Buruzagi politikoen artean, Imanol Pradales lehendakariak lortu du baloraziorik onena, 5,6ko batez besteko notarekin eta % 57ko onespenarekin. Ondoren, EH Bilduko Pello Otxandiano dago, % 5,4ko notarekin, baina % 32ko onespenarekin. PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak 4,3ko nota jaso du; EAEko PPko presidente Javier de Andresek, 2,6koa; Sumarreko Jon Hernandezek, 4,1ekoa; eta Voxeko Amaia Martinezek, 3koa. Pradales da guztietan ezagunena, % 79ko ezagutzarekin, Otxandianoren oso gainetik (% 47).
Estatuko buruzagi politikoei dagokienez, Pedro Sanchez da baloraziorik onena jaso duena, 10etik 4,6ko puntuazioarekin. Ondoren, Ada Colau (3,9) eta Irene Montero (3,3) daude. Alberto Núñez Feijook 2,2koa lortu du, eta Santiago Abascalek 1,3koa.
Herritarrek hurrengo hauteskunde-hitzorduari ematen dioten garrantzia gorabehera, azterlanak erakunde politikoekiko mesfidantza sakona ere erakusten du. EAEko herritarren % 13k bakarrik du konfiantza alderdiengan, aztertutako erakunde guztien artean ehuneko txikiena, Diputatuen Kongresuaren atzetik ( % 20).
Erakundeekiko konfiantza
Euskal Soziometroak aztertutako erakunde eta erakundeekiko konfiantza-sailkapenaren buruan unibertsitatea dago, argi eta garbi. Herritarren % 81ek dio konfiantza izateko joera duela, Eusko Jaurlaritzarengan baino bederatzi puntu gehiago (% 72). Aldundiek (% 67), Eusko Legebiltzarrak (% 63) eta udalek (% 61) ere emaitza nabarmenak lortu dituzte. Gobernuz Kanpoko Erakundeek eta enpresek % 53ko konfiantza dute, eta sindikatuek, berriz, % 46koa.
Sailkapenaren behealdean bankuak (% 28), komunikabideak eta Eliza katolikoa (% 29) eta Espainiako monarkia (% 28) daude. Espainiako Gobernuarekiko konfiantza % 30ekoa da, eta Diputatuen Kongresuak % 20koa du. Alderdi politikoak daude azken koskan, aipatu bezala % 13ko konfiantzarekin.