Osakidetzak psikologia zerbitzua emango du Lehen Arretako 13 zentrotan
Gipuzkoako lau zentrotan, Arabako bitan eta Bizkaiko zazpitan arituko dira psikologoak. Lehen Arretako gaixoen ongizate emozionalaren erreferente izango dira psikologo horiek, kasu arinenak ere artatuz, eta familia-medikuaren eta ospitalez kanpoko osasun mentala artatzeko zentroen arteko bitartekari moduan jardungo dute.
Bi pertsona, kontsulta mediko batean. Argazkia: EITB MEDIA
Lehen Mailako Arretako osasun zentroetan psikologia zerbitzua ezarriko duen proiektu pilotua aurkeztu die Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Osakidetzako sindikatuei, asteazken honetan bien artean izandako Osakidetzako Mahai Sektorialean, Osakidetzak ohar bidez jakitera eman duenez.
Horrela, psikologoak lanean izango dira Lehen Mailako Arretako EAEko 13 osasun zentrotan: lau Gipuzkoan (Altza, Pasai San Pedro, Beasain, Irun-Dunboa), bi Araban (Lakuabizkarra eta Salburua) eta zazpi Bizkaian (Buenavista, Errepelega, Otxoarkoaga, Txurdinaga, Santutxu, Solokoetxe, Gernikaldea eta Basauri-Kareaga).
Buru-osasunarekin lotutako proiektu pilotua joan den irailaren 18an iragarri zuen Imanol Pradales lehendakariak, Eusko Legebiltzarrean izandako Politika Orokorreko lehen Osoko Bilkuran.
Lehen Mailako Arretako gaixoen ongizate emozionalaren erreferente bihurtuko dira psikologo horiek, kasu arinenak ere artatuta, eta familia-medikuaren eta ospitalez kanpoko osasun mentala artatzeko zentroen arteko bitartekari moduan jardungo dute.
Horrela, Lehen Mailako Arretako psikologoek eguneroko bizitzan eragina duten nahasmendu arinak eta ondoez emozionalak artatuko dituzte, hala nola antsietatea, depresioa eta insomnioa, eta arazo horiei aurre egiteko terapiak prestatuko dituzte.
Esperientzia pilotu honen helburua izango da buruko osasunean espezializatutako zerbitzuak arin bideratzea eta kasu arinenak artatzea, "arreta arinago eta hurbilagoaren" bidez, baita terapia pribatuetara jo ezin duen biztanleriari arreta ematea ere.