Emakume haurdunen odol eta plazenta laginez osatutako biobanku bat sortu du Osakidetzak, gaitz metabolikoak eta neurologikoak ikertzeko
Gurutzetako Ospitalean erditzen diren emakume haurdunek odol-lagin bat eta plazentaren zati txiki bat eman ahal izango dute. EAEko biobankuan gordeko dira, eta diabetesa, hipertentsioa eta garapen neuronaleko nahasmenduak ikertzeko erabiliko dira, goiz diagnostikatzeko eta hobeto artatzen laguntzeko.
Gaixotasun metaboliko eta neurologikoak ikertzeko, emakume haurdunen odol eta plazenta laginez osatutako erregistro aitzindari bat abian jarri dute Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Biobizkaia Osasun Ikerketarako Institutuak, elkarlanean.
Osasun Sailak ohar bidez zabaldu duenez, gaitz metabolikoen eta neurologikoen goiz diagnostikatzea eta hobeto artatzen laguntzea du helburu Europa mailan aitzindari den proiektuak.
Gurutzetako Ospitaleko Erditze Unitatean erditu ondoren, emakumeek odol-lagin bat eta plazenta zati txiki bat eman ahal izango dute. Gainera, emakumeak hainbat baimen sinatu beharko ditu, Osakidetzak modu kodifikatuan amaren eta jaioberriaren historia klinikoan sartzeko aukera izan dezan, ikerketa-helburuetarako.
Donazioaren ondoren, laginak EAEko biobankuan gordeko dira, eta diabetesa, hipertentsioa eta burmuineko garapeneko nahasmenduak, besteak beste, hobeto tratatzeko eta goiz diagnostikatzen lagunduko duten biomarkatzaileak identifikatzen saiatuko dira.
Finantzazio publikoa
Eusko Jaurlaritzak, EHUk eta Espainiako Gobernuko Berrikuntza, Zientzia eta Unibertsitate Ministerioak diruz lagunduta, Nora Fernandez Jimenez Biobizkaiko IRLAB-Inmunogenetika Ikerketa Laborategiko ikertzailea eta Jorge Burgos San Cristobal Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Obstetrizia Ataleko burua eta Biobizkaiko Medikuntza Perinataleko ikertzailea dira proiektu aitzindariaren buru.
"Emakume haurdun guztiek parte hartzea funtsezkoa da etorkizuneko medikuntzan aurrera egiteko. Euren eskuzabaltasunari esker, Euskadiko eta mundu osoko ama eta haurtxo askoren osasuna hobetu ahal izango dugu", azpimarratu dute proiektuaren arduradunek.
Hiru ikerketa abian
Erregistro horrekin lotuta, Osakidetzako ikertzaileak hiru proiektutan ari dira lanean: bata, plazentaren azterketatik abiatuta arrisku metaboliko eta neurologikoko faktoreak identifikatzea; bestea, haurren burmuinaren garapenaren gainekoa; eta hirugarrena, geneen plazentako amaren eragin genetikoei buruzkoa.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda