Milaka pertsona joan dira hilerrietara, Santu Guztien Eguna dela eta
Bilboko hilerriaren ordutegia luzatu dute, eta Donostian eta Gasteizen autobus-zerbitzuak indartu dituzte. Iruñean aurten ez dute San Jose hilerrirako sarbidea itxi.
Milaka familia hurbildu dira larunbat honetan Euskal Herriko hilerrietara, Santu Guztien Eguna dela eta, hildako senideak oroitzera.
Euriak eta azken orduetako tenperaturek lagundu ez badute ere, bisitariz eta lorez jantzi dira hilerriak tradizioa den bezala.
Bisitari gehiago izaten direnez, zenbait hilerrik, Bilbokoak kasu, ordutegi luzeagoa izango dute azaroaren 1 honetan, eta Donostian eta Gasteizen autobus-zerbitzuak indartu dira.
Iruñeko Udalak ez du San Jose hilerrirako sarbidea itxi aurten, aurreko urteetan ez bezala, eta ez du baimen txartelik eman. Ibilgailuak Biurdana kaletik sar daitezke hilerrira, Orkoien kaleko biribilgunetik, eta, edukierak aukera ematen duen bitartean, baita Nafarroa etorbidetik ere. Irteera Miluze kaletik eta Nafarroa etorbidetik egin daiteke.
Bilboko Udala ere trafikoa erregulatzen ari da.
Azken urteetan ohiturak aldatzen ari dira eta hilerriak bakarrik ez dira jada hildakoen oroimenerako leku. Izan ere, gero eta gehiago dira errautsak leku desberdinetan zabaltzen dituzten pertsonak, eta, beraz, ospakizunak eta oroitzapen-ekitaldiak ere anitzak bihurtu dira.
Emakume bat Iruñeko hilerrian. Argazkia: EFE