EUSKO LEGEBILTZARRA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

EAJk, PSEk, PPk eta Voxek atzera bota dute tauromakia "era efektiboan abolitzeko" Sumarrek egindako proposamena

Proposamenak Eusko Jaurlaritzaren adierazpen instituzionala eskatzen zuen, praktika hori arbuiatuz eta erakundeen sostengua baztertuz. EAJk eta PSE-EEk gaiari buruzko eztabaida eskatu dute, eta debekuaren aurka azaldu dira.

MAM-eko argazkia: sokamuturra-lodosa_
Sokamuturra. Argazkia: EITB

Eusko Legebiltzarrak errefusatu egin du ostegun honetan -EAJren, PSE-EEren, PPren eta Voxen kontrako botoekin- tauromakiaren aurka Sumarrek aurkeztutako legez besteko proposamen bat. Hainbat arau aldaketa eginda tauromakia "era praktiko eta efektiboan abolitzea" zuen helburu. EH Bildu abstenitu egin da.

Sumarren ekimenak, beste neurri batzuen artean, Eusko Jaurlaritzaren adierazpen instituzional bat eskatzen zuen, tauromakia "euskal kultura garaikidearen parte ez" dela eta, beraz, "EAEko Administrazio Orokorrak eta sektore publikoak ez dutela aintzatetsiko edo sustatuko" jasotzen zuena.

Halaber, interpretazio- eta kudeaketa-irizpideak finkatzea eskatzen zen, ikuskizun horiek ez zezaten aukerarik izan, tresna autonomien bidez, babesa, errejistroa, inbentarioa, sustatzea edota finantzaketa eskatzeko.

Sumarren proposamenak kontrako 45 boto (EAJ, PSE-EE, PP eta Vox), 26 abstentzio (EH Bildu) eta Sumarren ordezkariaren aldeko botoa jaso ditu.

Proposamena defendatzeko orduan, Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak adierazi duenez, "tauromakiak ez du inolako zilegitasun kultural, sozial eta etikorik XXI. mendean Euskadin, torturatutako animalia baten odolean ezin baita balio demokratikorik mantendu". 

Horrez gainera, oso kritiko agertu da egun batzuk barru Legebiltzarrean, EAJk eta PSE-EEk proposatuta, eztabaidatuko den eta mota horretako ekimen batzuk arautzea helburu duen lege-proposamenaren inguruan. Testua erretiratzeko eskatu die Hernandezek nazionalistei eta sozialistei, "haurren tauromakia arautu zutenek bezala historiara ez pasatzeko".

Xabier Barandiaranek (EAJ) k ohartarazi duenez, "iritzi ugari dituen" gaia da honakoa eta "ezin da debekuaren bidez kudeatu".  Animaliei "tratamendu duina" ematearen alde agertu da, baina ohartarazi du Sumarrek proposatzen duen ekimena ez dela formula "eraginkorra".

Miren Gallastegi sozialista tauromakia "errespetatzearen" alde agertu da, "debekatu eta sustatu gabe"; eta ohartarazi du ikuskizun hauekiko "zaletasuna handitzen" ari dela EAEn, "batez ere gazteen artean". 

Itxaso Etxebarria EH Bilduko ordezkariak zezenketei buruz Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du. Bere ustez, EAJren eta PSE-EEren proposamenaren eztabaida gai horri buruz lasai hitz egiteko aukera izan daiteke.

Santiago Lopez PPko legebiltzarkidea Sumarren proposamenaren aurka agertu da,  "tauromakia Espainiako ondare kulturalaren eta euskal tradizioaren parte" dela defendatuz.

 

Zure interesekoa izan daiteke

GRAFCAV1775. BILBAO, 07/04/2026.- La consejera de Bienestar, Juventud y Reto Demográfico, Nerea Melgosa, (c) el viceconsejero de Juventud y Reto Demográfico, Xabier Legarreta (d) y el director de infancia, adolencencia y familia Gorka Oraá presentan este martes las líneas generales del 'Día sin móvil: un reto para estar más cerca', que se celebrará el próximo 18 de abril en las tres capitales vascas. Observatorio Vasco de la Infancia, Adolescencia y la Juventud. EFE/Luis Tejido
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Mugikorrak alboratu eta familiaz gozatzeko gonbita, apirilaren 18an, EAEko hiriburuetan

Eusko Jaurlaritzak antolatuta, Mugikorrik Gabeko Eguna Familian izango da Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Familia inguruan teknologiaren erabilera kontzienteagoa sustatzea du helburu egitasmoak. “Ongizate emozionala zaintzeko eta senideekin egotearen balioa berreskuratzeko keinu txiki” gisa aurkeztu du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X