Euskal errepideen egoera berrezarri da, goizeko lehen orduan gorabehera asko izan ostean
Bi errei itxi dituzte AP-8an, Zornotzan, eta lau kilometro arteko auto-ilarak izan dira; kamioi batek GI-636 errepidea blokeatu du Lezon, Errenteriarako noranzkoan, eta Santurtzin ere zirkulazioa oztopatu da. Gainera, errei bat itxi dute AP-1 autobidean, Soraluzen, kamioi batek matxura izan duelako.
Goizean arazo larriak izan dira Euskadiko errepideetan, hotza, izotza eta elurra direla eta. AP-8 autobidean, 99. kilometroan, Zornotza parean, Kantabriarako noranzkoan, izandako istripu baten ondorioz, bi errei itxi behar izan dituzte eta lau kilometroko auto-ilarak sortu dira, gutxienez.
Bestalde, GI-636 errepidean kamioi bat gurutzatuta da 8. kilometroan, Lezo parean, Errenteriarako noranzkoan. Ondorioz, errepidea erabat itxi behar izan dute. Trafikoa AP-8tik bideratu dute eta auto-ilara luzeak izan dira.
Santurtzin ere istripu batek auto-ilara luzeak eragin ditu eta trafiko motela izan da AP-8an.
Gainera, AP-1 autobidean, kamioi batek matxura izan du 143. kilometroan, Soraluze parean, Gasteizerako noranzkoan. Ondorioz, errei bat itxi behar izan dute eta auto-ilarak sortu dira.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, istripuak tenperatura baxuek eragindako izotz-plaken ondorioz gertatu dira.
Errepideen egoerari buruzko edozein gorabehera edo informazio izanez gero, 011 telefonoa martxan dago.
Hotzak eta euriak eragindako gorabeherei ohiko auto-ilarak gehitu behar zaizkie EAEko errepideetan gatazkatsuenak diren lekuetan, hala nola, N-1ean Andoainen, Leioako Avanzada edo BArakaldon, Max Centerreko zuzengunean.