EAEko Auzitegi Nagusiak 88 urtera igo dio kartzela zigorra 11 adingaberi sexu-abusuak egiteagatik zigortutako Hondarribiko surf monitoreari
Gipuzkoako Auzitegiak 71 urte, 5 hilabete eta 9 eguneko kartzela ezarri zion, eta, hortaz, 17 urte gehituko zaizkio. Dena den, epaia ez da irmoa eta helegitea jar dakioke Auzitegi Gorenean.
Hondarribiko surf monitoreari egindako epaiketa. Artxiboko argazkia: EFE
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Aretoak 17 urte igo dio kartzela zigorra —88 urte eta 5 hilabeteraino— 11 adingaberi sexu-abusuak egiteagatik kondenatutako Hondarribiko surf monitoreari. Gipuzkoako Auzitegiak 71 urte, 5 hilabete eta 9 eguneko kartzela ezarri zion. Horrez gain, 5 hilabeteko espetxe-zigorra ere ezarri zion pornografia-materiala edukitzeagatik.
Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu ditu Ministerio Fiskalak eta akusazio partikularrak epaiari aurkeztutako helegiteetan jasotako hainbat inpugnazio. Besteak beste, zigortutako gertaerak sexu-eraso delitu gisa aitortzea eskatzen zuten, eta ez sexu-abusu.
Gipuzkoako Auzitegiaren ebazpenak ez zuen "larderia" aitortzen. Aitzitik, horren arabera, surf irakasleak egindakoa 16 urtetik beherakoen gaineko sexu-abusu delituak dira, biktimekiko zuen nagusitasun egoera baliatuta.
Instantziako auzitegiak adierazitakoaren arabera, kondenatuak nagusitasunez jokatu zuen biktimekin baina ez zen biktimengan beldurra somatzera iritsi, besteak beste, akusatuak ez zuelako indarkeria fisikoa erabili edo mehatxurik egin.
EAEko Justizia Auzitegia Nagusiak, berriz, ebatzi du Zigor Kodearen 183.2 artikuluaren arabera, adin txikikoen kasuan indarkeria mota guztiak hartu behar direla kontuan, indarkeria emozionala tartean, ez indarkeria fisikoa bakarrik.
Hori dela eta, 10 biktimaren kasuan surf irakaslea sexu-eraso delituagatik zigortzea erabaki du; aldiz, beste biktimaren kasuan sexu-abusu kalifikazioari eutsi dio.
Gauzak horrela, Justizia Auzitegi Nagusiak 17 urte gehiagoko espetxe-zigorra ezarri dio eta % 30 igo dizkio ordaindu beharreko kalte ordainak.
Dena den, epaia ez da irmoa eta helegitea jar dakioke Auzitegi Gorenean.