GazteChange ekimenak haurren eta nerabeen eskubideak babestearen garrantzia ikusaraziko du gaur arratsaldean Bilbon
Guggenheim Bilbao Museoko auditorioan egingo da topaketa honen zazpigarren edizioa, UNICEF Euskadiko Batzordeak eta Lagunarte elkarteak antolatuta, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da eitb.eus-en.
Bilboko Guggenheim Museoko auditorioa; topaketa izango den tokia
Guggenheim Bilbao Museoko auditorioak GazteChange ekimenaren zazpigarren edizioa hartuko du ostiral arratsaldean. Kultura, arte eta kirol arloetan ikusgarritasuna lortzeko bidean, haien esperientziak eta ikasitakoak kontatuko dituzte sei gaztek. Unicef Euskadiko Batzordeak eta Lagunarte Deustuko Unibertsitateko ikasleen elkarteak antolatu dute topaketa, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da eitb.eus-en eta EITBren YouTube kanalean.
Xabier Madariaga kazetariak aurkeztuko duen ekitaldi honetan parte hartuko dute: Nextor Otaño margolari eta muralista, Vicky Gallego eduki sortzailea eta trans-aktibista, Martin Barandalla naturako argazkilaria, Olaia Tejeda eliteko kirolaria, Maikys kirola eta modari buruzko eduki sortzaile bikote gaztea, eta Olatz Martija eta Anne del Moral ekintzaileak, berrikuntza eta moda jasangarria bultzatzeko agentzia baten sortzaileak.
Zehazki, sei hitzaldi izango dira, euskaraz eta gaztelaniaz, Laudioko ArteON abesbatzaren eta Cochescuela musika taldearen emanaldiekin tartekatuta, haurren eta nerabeen eskubideak babestearen garrantzia ikusarazi nahi duen aparteko topaketa girotzeko.
Euren esperientzia pertsonaletik abiatuta, aurre egin behar izan dituzten erronka eta zailtasunei buruz hitz egingo dute horiek guztiek. Ekitaldiak Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailaren laguntza du.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda