UNIBERTSITATEKO AURREKONTUAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Erakundeen eta ordezkarien arteko errespetuaren alde egin du Bengoetxeak, Perez Iglesiasen Legebiltzarreko agerraldi "zakarraren" ostean

EHUko errektoreak Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuari eskatu dio "deskalifikazio pertsonalak" albo batera uzteko eta unibertsitate publikoarekiko eta haren ordezkariekiko "errespetua" izateko. 

Joxerramon Bengoetxea

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Unibertsitate publikoaren finantzazioaren harira, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorearen eta Juan Ignacio Perez Iglesias Unibertsitate sailburuaren artean sortutako polemika baretzetik urrun dagoela dirudi. 

Atzo, Perez Iglesiasek Eusko Legebiltzarrean adierazitakoaren arabera, EHUko errektoreak unibertsitate publikoa "azpifinantziatuta" dagoela salatzeko emandako argudioak "egia-oste, falazia eta eufemismoetan" oinarrituta daude. 

Biharamunean hedabideetara zabaldutako ohar batean, Bengoetxeak erantzun egin dio sailburuari. "Harrituta" agertu da Perez Iglesiasen agerraldi "zakarraren" aurrean eta unibertsitate publikoarekiko eta haien ordezkariekiko errespetua izan dezala eskatu dio. 

Bengoetxea ezinbestekotzat jo du lankidetzaren bidea berrartzea eta "deskalifikazio pertsonalak" zein erakunde akademikoa kudeatzeko errektoretza-taldeak duen eskumenari buruzko balorazioak egitea saihestea. 

Azaldu duenez, EHUren estrategia izan da "erakundearen egungo premiak modu egiaztatu eta gardenean azaltzea, une oro". 500 orrialdetik gorako txosten teknikoa dute oinarri premia horiek; txostena sailburuari berari eta bere taldeari eman zitzaion eskura azaroaren 14an Lakuan egindako bileran. Hain justu, unibertsitate publikoaren premien inguruan dauden desadostasunak bideratzeko asmoz egin zen bilera hura. 

Hori dela eta, "bereziki harrigarria da", Bengoetxearen arabera, "elkarrizketa bidez harreman instituzionala bideratu eta gero, errektorea eta bere taldea deslegitimizatzea datu okerrak, manipulazioak eta egia-oste kutsuko baliabide erretorikoak erabiltzea egotzita". 

Bestalde, "antzua" deritzo euskal unibertsitate publikoa demokratikoki ordezkatzen dutenen zintzotasuna eta konpromisoa ezbaian jartzea. Hori guztia dela eta, EHUko errektoretza-taldeak sailburuari eskatu dio unibertsitatearekiko, horren ordezkariekiko eta unibertsitate-komunitatearekiko behar bezalako errespetua izan dezala.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Bi gizon atxilotu dituzte Tolosan pertsonen trafiko irregularra egotzita

Larunbat goizaldean, Ertzaintzaren patruila batek ibilgailu bat geldiarazi zuen, eta jabetu zen barruan sei pertsona zihoazela, bat maletategian. Gerora egiaztatu zutenez, bidaiariek dirua ordaindu zuten Irunera eta Parisera eramatearen truke. Gidaria eta maletategian zihoan gizasemea atxilotu, eta ertzain-etxera eraman zituzten, epailearen esku utzi aurretik egin beharreko izapideak betetzera.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X