Uztaritzeko irakasle bat epaituko dute lau lankideri sexu-erasoa eta sexu-jazarpena egitea egotzita
Irakaslea lanpostutik erretiratu dute behin-behinean, eta abenduaren 9an epaituko dute Baionan. Gertakariak 2019a eta 2024a bitartean jazo ziren.
Uztaritzeko ikastetxe katolikoa. Argazkia: Saint-François-Xavier
Uztaritzeko Saint-François-Xavier ikastetxe katolikoko irakasle bat epaitegira bidali dute ikastetxe pribatuko lau lankideri sexu-eraso eta sexu-jazarpena egitea egotzita.
54 urteko gizonak neurri batean onartu du gertatutakoa, eta abenduaren 9an epaituko dute Baionan, Ici Pays Basque hedabideak jakinarazi duenez.
Zehazki, 2019a eta 2024a bitartean jazo ziren gertakariak. Irakaslea ikertzen ari dira lankide bati sexu-erasoa egitea, hiruri sexu-jazarpena egitea eta biktimei datu pertsonalak lapurtzea leporatuta.
Antza denez, akusatuak software espezializatua erabili zuen bere lankideen irudiak manipulatu eta horien gorputzak biluzik irudikatzeko.
Hezkuntza agintaritzak behin-behinean bere lanpostutik erretiratu du irakaslea.