Azkenean ostegun gauean itxiko dute Biriatuko ordainlekua, A-63 errepideko obrak direla eta
Hasiera batean, gaur gauean itxi behar zuten, baina atzeratzea erabaki dute, iragarpen meteorologikoa dela eta. AP-8tik Lapurdirako noranzkoan doazen ibilgailu eta kamioiak Irunen atera beharko dira.
Azkenean Biriatuko ordainlekua ostegun gauean egongo da itxita, bidea berritzeko A-63 errepidean lanak egin behar dituztela eta, Irun eta Donibane Lohizune artean. 21:00etan itxiko dute, eta ostiral goizeko 06:00etan zabalduko dute.
Hasiera batean, gaur gauean itxi behar zuten, baina iragarpen meteorologikoa dela eta, atzeratzea erabaki dute. Hala jakinarazi diote gaur arratsaldean Frantziako trafiko-arduradunek Eusko Jaurlaritzari.
Segurtasun Sailak adierazi duenez, AP-8tik Lapurdirako noranzkoan doazen autoak eta kamioiak Irunen atera beharko dira, N-121-A errepidetik Baionarako noranzkoa hartu, D810 errepidean sartu, eta, ondoren, A-63 errepidera iritsi ahal izango dira, Donibane Lohizunen.
Jaurlaritzak unean-unean emango du gorabehera horren berri, Trafikoa Kudeatzeko Euskadiko Zentroak koordinatzen dituen informazio panelen bitartez, bai eta trafikoa.euskadi.eus webgunearen, sare sozialen eta 011 telefonoaren bidez (24 orduko arreta) ere.