GIPUZKOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

36 urteko gizon bat atxilotu dute Pasaian, droga-trafikoagatik

Saltzeko prest zuen hainbat droga atzeman dizkiote. Atxilotuak, gainera, aurretik atxilotzeko agindu judiziala zuen haren kontra. 

Argazkia: Ertzaintza

Ertzaintzak 36 urteko gizon bat atxilotu du astelehen honetan Pasaian, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita; izan ere, kokaina, marihuana eta haxixa atzeman dizkiote. Atxilotuak, gainera, atxilotzeko agindu judizial bat zuen aurretik indarrean.

Errege egunaren bezperan, Ertzaintza gizonezkoaren etxebizitzara joan zen, Pasaiara, epailearen aginduz, hura atxilotzeko. Agenteak bertaratu zirenean, susmagarria eskailera-buruan aurkitu zuten, etxetik irteten ari zela. Berehala, eskuan zeraman plastikozko poltsa bat lurrera bota eta etxebizitza barrura sartzen saiatu zen.

Miaketaren ondoren, hogei bat poltsatxo aurkitu zituzten, bakoitzak gramo bat kokaina zuela, eta marihuana-poltsa txiki bat. Halaber, atxilotuak lurrera bota zuen poltsan beste 30 gramo kokaina aurkitu zituzten, saltzeko prest zituen poltsatxoetan, eta 250 gramo marihuana baino zertxobait gehiago.

Testuinguru horretan, atxilotzeko agindu judizial bat indarrean izateagatik ez ezik, osasun publikoaren aurkako delitu bat egiteagatik ere atxilotu zuten gizona, eta ertzain-etxera eraman zuten.

Hori guztia ikusirik, atxilotuaren etxebizitza miatzeko agindu judiziala eskatu zuten Ertzaintzaren agenteek, eta, egun horretan bertan ekin zioten miaketari. Bertan, beste 70 gramo kokaina, 600 gramo marihuana, 380 gramo haxix, doitasun-baskula bat eta prestaketarako beharrezkoak diren beste elementu batzuk aurkitu zituzten.

Atxilotua 36 urteko gizon bat da, antzeko delituengatik polizia-aurrekariak ditu, eta gaur goizean bertan utzi dute epailearen esku.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X