"Arrazoizko tarte batean" ez da isunik jarriko V-16 baliza ez erabiltzeagatik
Espainiako Gobernuko Barne ministroaren hitzetan, bidaiarien "bizitzak salbatzea" da neurri berriaren helburua, eta ez gidariak "zigortzea eta dirua biltzea". Horregatik, egokitzeko denbora emango dutela jakinarazi du.
"Arrazoizko denbora tarte batean" segurtasun indarrek ez dute isunik jarriko V-16 baliza ez erabiltzeagatik. Malgutasunez jokatuko dute, herritarrak neurri berrira "egokitu" arte. Hala esan du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak, iaz Estatuko errepideetan izandako trafiko-istripuek utzitako heriotzei buruzko datuak emateko egin duen agerraldian: orotara, 1.119 pertsona hil ziren, horietatik 119k istripua edo matxura izan zuten eta ibilgailutik kanpora atera ziren.
Ministroak zehaztu duenez, azken heriotza horien atzean hamaika arrazoi ezberdinak daude; 25 inguru larrialdiko triangeluak jartzera errepidera atera eta beste ibilgailu batek harrapatuta zendu ziren. Bidera ateratzea "oso arriskutsua" dela eta ekintza hori "sahiestu" egin behar dela defendatu du.
Hori dela eta, berretsi du V-16 balizen bidez "hilkotasun tasa murriztu" nahi dutela. "Bizitzak salbatzea da helburua", esan du, eta ondorengo arrazoiak eman ditu: gidariak ibilgailutik ateratzea ekidingo da; kilometro batera ikusiko da balizaren argia; eta automatikoki ibilgailuaren kokapen zehatza DGT 3.0 plataformara helaraziko da.
Espainia da baliza V-16a erabiltzen hasiko den lehen estatua, baina Maslaskak jakinarazi duenez, ekimenaren emaitzen zain daude Europako hainbat herrialde, erabakia hartzeko.