JIHADISMOA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Adin txikiko bat atxilotu du Ertzaintzak Agurainen, jihadismo erradikalean murgildu delakoan

EITBk jakin duenez, gaztea, Aguraingo institutuko ikaslea, aurpegia estalita eta motxila batekin ibili zen ikastetxearen inguruetan. Haren jarrerak zentroko langileen susmoak piztu zituen, eta Ertzaintzari deitu zioten. Gaur gaztearen etxebizitza miatu du Poliziak.

18:00 - 20:00

Polizia-operazioa egin dute Agurainen, eta gaztearen etxea miatu dute. Argazkia: EITB

Ertzaintzak 16 urteko mutil bat atxilotu zuen astelehen arratsaldean Agurainen (Araba), jihadismo erradikalarekin lotura duelakoan. 

Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar motz bat argitaratu du haren webgunean, atxiloketaren berri emateko. Atxiloketaren arrazoia jihadismoan erredikalizatuta egotea dela aipatzen du bertan.

EITBk jakin duenez, gaztea Aguraingo Aniturri ikastetxearen inguruetan ibili izan zen, burua estalita eta motxila bat hartuta. Bere jarrerak institutuko langileen susmoak piztu zituen eta, ondorioz, Ertzaintzari deitzea erabaki zuten.

Gaztea atzeman eta motxila zabaldu zutenean, arma zuriak eta pistola simulatu bat aurkitu zituzten Ertzaintzako agenteek. Ikastetxearen inguruko iturriek EITBri adierazi diote urduritasun-uneak bizi izan zirela. 

Asteartean, gaztearen etxea miatzen jardun du Poliziak Agurainen. Herriko Kale Nagusia Poliziaren ibilgailuz beteta egon da hainbat orduz. Atxilotuaren familiak urteak zeramatzan Arabako herri honetan bizitzen. Herritar batzuek EITBri jakinarazi diote gazteak itxura aldaketa nabarmena izan duela azken asteetan; bizarra utzi eta arropa ilunak janzten hasi zen.

Kasua sumariopean dago, eta arlo horretan eskumena duen Auzitegi Nazionala ari da horren instrukzioa egiten. Ertzaintza eta Polizia Nazionala elkarrekin ari dira ikerketa-lana burutzen. Ikerketaren jakitun diren iturrien arabera, Polizia Nazionala gaztearen arrastoa jarraitzen ari zen. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X