Ehunka lagunek salatu dute Muskiz eta Abantoko herritarrak "hiltzen" ari dela Petronor
Bizkaiko bi herri horietako bizilagunak kalera atera dira ostegunean izandako bentzeno ihesaren aurka protesta egiteko. Salatu dutenez, agintariek "berandu" hartu zituzten prebentzio neurriak, bentzeno maila altuak goizean atzeman zituzten arren. Jaurlaritzari neurriak eskatu dizkiote, halakorik berriro gerta ez dadin.
Muskizko manifestazioaren une bat. Argazkia: Europa Press
Hainbat auzo elkartek deituta, manifestazioa egin dute gaur Muskizko eta Abantoko herritarrek, ostegunean Petronorren izan zen bentzeno ihesaren kontra protesta egiteko eta gertakaria kudeatzeko modua salatzeko. Bentzeno maila altuak zirela eta, etxean geratzeko gomendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Horren harira, agintariei Meatzaldeko herritarren osasuna zaintzeko deia egin diete, eta horrelakoak berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko.
Manifestariak bi zutabetan joan dira findegiaren parera. Bietako bat Abantoko Las Carreras auzoko Trinitate plazatik abiatu da; bestea, Muskizko udaletxetik. Bi zutabeek Muñatones jauregian egin dute bat, eta bat eginda egin dute handik Petronorrerako bidea.
"Meatzaldea ez dago salgai", "Petronor aski da" eta "Gu hiltzen ari zarete" leloak izan dituzte ahotan herritarrek, euren haserrearen erakusle. Bertan salatu dutenez, agintariek "beranduegi" ezarri zituzten prebentzio neurriak; izan ere, bentzeno maila altuak goizean atzeman zituzten, baina gauera arte ez zieten eman etxetik ez ateratzeko gomendioa.
Jaurlaritzari neurriak hartzeko eskatu diote
Manifestazioaren amaieran, Meatzaldea Bizirik eta Stop Variante Las Carreras elkarteetako ordezkariek Petronorren zein Jaurlaritzaren jarduna kritikatu dute komunikatu banatan.
Las Carreras auzoan saihesbidea egitearen kontra dagoen plataformak salatu duenez, bizilagunek "pozoia arnastu" zuten ostegunean. "Etxean geratzeko gomendioa berandu eman izana ez zen akats puntuala izan, gero eta gehiagotan gertatzen den hanka-sartze larria baizik. Alarmak ez zuen jo, arriskua benetakoa zen arren", kritikatu dute.
Auzo plataformaren arabera, Petronorren azpiegiturak "zaharrak" dira, langileek "denbora daramate segurtasun eta mantenu arazoak salatzen, eta, bitartean, administrazioak ezikusiarena egiten du, gertakariei garrantzia kentzen die, ez du enpresa zigortzen eta ez du gardetasunez informatzen".
Stop Variante Las Carreras elkarteak esan du Meatzaldeko bizilagunen osasunaren alde "azken muturreraino" borrokatzeko prest dagoela, eta ez duela "atzerapausorik" onartuko.
Meatzaldea Bizirik elkartearen hitzetan, herritarrek "aski da" adierazi diote Petronorri, eta, halere, "gasekin pozoitzen gaitu behin eta berriz".
Elkarte horren ustez, ostegunean gertatutakoa "ez da gorabehera isolatu bat, azpiegituren funtzionamendu txarraren ondorio txarra baizik". "Ez ditugu enpresaren barkamen eskaerak nahi, ezta Jaurlaritzaren eta Udalen konplazentzia ere", gaineratu dute.
Halaber, osteguneko ihesa berriro ez errepikatzeko "beharrezkoak diren neurriak" hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari, eta isuriak "etengabe eta publikoki monitorizatzeko" sistema bat galdegin dute.
Bizilagunez gain, EH Bilduko eta Podemos Euskadiko ordezkariak ere izan dira bertan.
Mikel Otero koalizio subiranistaren Trantsizio Ekologikorako idazkariak Petronorren "ikuskapen sakona" egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, eta "neurriak eta isunak ezartzeko". Auzia Legebiltzarrera eramango dutela jakinarazi du, eta arduradun politiko zein enpresaren ordezkarien agerraldia galdegingo dutela.
Podemos Euskadiren aburuz, Petronorren egoera "onartezina" da, eta, hori dela eta, Foru Aldundiaren "berehalako agerraldia" eskatuko duela jakinarazi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera