Guztira 4.630 neska-mutilek parte hartuko dute Donostiako Haur Danborradan, 45 konpainiatan banatuta
Intxaurrondo Haur Danborradako haurrak izango dira aurtengoan haurren danborradako karguak gorpuzteko arduradun. Gainera, Bidebietako Herri Ametsa Ikastolak 50. danborrada izango du arutengoa.
Jon Insaustik Haur Danborradako kargudunak hartu ditu gaur goizean.
Guztira 4.630 neska-mutilek parte hartuko dute 38 ikastetxek eta erakundek osatutako 45 konpainiatan urtarrilaren 20an Donostiako Haur Danborradan.
Jon Insausti Gipuzkoako hiriburuko alkateak eta Ana Lopez Donostiako Kultura zinegotziak ongietorria eman diete astearte honetan, Osoko Bilkuren Aretoan, Haur Danborradan kargu gisa aterako diren haurrei, aurten Intxaurrondo Haur Ikastolakoak izango dira.
Argoitz Echezortu San Jose izango da Danbor Nagusia eta berak zuzenduko ditu Raimundo Sarriegiren martxak interpretatuko dituzten 45 konpainiak, hiriaren erdialdean egingo den desfilean. Udaletxeko balkoian agertuko da, 12:00etan, Alkatearekin (Valentina Errante Santos) eta Notarioarekin (Odei Albarca Lopetegi) batera. Horiekin batera, Jon Saizar Viles Jenerala eta Ane Martin Lopez Laguntzailea ere aterako dira udaletxera.
Ondoren, Alkatea, Notarioa, Jenerala eta bere Laguntzailea desfilean aterako dira, XIX. mende hasierako gizarte zibila ordezkatzen duten gainerako haurrekin batera, karroza handi batean, Zaldizainak kokatuko diren kalesa aurrean dutela.
Horrela, Ayleen Kristen Siavichayk Easo Ederra antzeztuko du; Elena Pascualek eta Nahia Abalek, haren Damak; Aimar Benaventek, Herritarra; Aitor Poncek, Arrantzalea; Paola Errantek, Hilandera; Ekaitz Fernandezek, Artzaina; Ibai Redondok, Merkataria; Ariane Valderramak, Urketaria; Ander Bermejok, Mandazaina; eta Leo Pinak, Mateo Lasak eta Oihan Benaventek, Elene Celestino, Bruno Larramendik eta Unax Manzanok, Zaldizainak.
Danborradaren aurkezpena ostiral eguerdian egingo da, Victoria Eugenia antzokian. Konpainia guztietako ordezkariek parte hartuko dute, eta Jon Insausti Donostiako alkateak dominak ezarriko dizkie pertsonaiei, eta Aginte Makila emango dio haurren danborradako Danbor Nagusiari.
Halaber, Ana Lopezek gogorarazi du Bidebietako Herri Ametsa Ikastolak 50 danborrada egingo dituela aurten.
Azkenik, Lopezek gogorarazi duenez, eguraldi txarrarragatik haur danborradaren desfilea bertan behera uztea erabakiko balitz, danborradako arduradunei jakinaraziko zaiela 10:30 aldera, hilaren 20an bertan. Hala balitz, urtarrilaren 25ean egingo litzateke Haur Danborrada, igandez, eguraldiak horretarako aukera emanez gero, eta bestela bertan behera geratuko litzateke, behin betiko.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera