Organo emaileen kopurua % 10 igo da EAEn, urtebetean
Organo emaileen tasa milioi bat biztanleko 64,3koa da EAEn, Espainiako eta Europako batez bestekoaren gainetik. Iaz, 262 pertsonaren organo transplanteak egin zituen Osakidetzak, eta 144 pertsonak eman zituzten organoak hil ondoren.
Transplantea egiteko ebakuntza bat, artxiboko irudi batean. EITB
Euskal Autonomia Erkidegoak organoen transplanteen alorrean erreferente izaten jarraitzen du. Iaz, 144 pertsonak eman zituzten organoak hil ondoren, hots, urtebetean % 10 igo da emaile kopurua, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan zabaldutako datuen arabera.
Iaz, 64,3 organo emaile zeuden milioi bat biztanleko EAEn, Espainiako (51,9) eta Europako (24,7) batez bestekoaren gainetik.
Hil ondoren organoak eman zituzten hamarretik sei (% 64,5) zirkulazio arazoengatik zendu ziren. Gaur egun, trafiko istripuetan hildako emaileak % 4 besterik ez dira.
Organo emaileen profila aurreko urteetakoaren antzekoa da. Emaileen ia erdiak (% 44) istripu zerebrobaskularren ondorioz hil ziren. Emaileen adinari dagokionez, % 60 inguruk 60 urte baino gehiago zituen, % 36k 70 urte baino gehiago eta % 3k 80 urte baino gehiago.
Guztira, iaz 262 pertsonaren organo transplanteak egin zituen Osakidetzak eta 144k heriotzaren ondoren eman zituzten organoak.