Osakidetzak "dozenaka umeri" iraungitako txertoak eman dizkiela salatu du EH Bilduk
Txerto hexabalentea da, eta hainbat gaixotasunen aurrean babesteko erabiltzen da; B hepatitisaren aurrean, esaterako.
Osakidetzak “dozenaka umeri” iraungitako txertoak eman dizkiela salatu du astearte honetan EH Bilduk.
Alderdi independentistak ekimen bat erregistratu du gaur Eusko Legebiltzarrean, Alberto Martinez Osasun sailburuak auzia azaldu dezan eskatzeko. Koalizioak jakin duenez, difteria, tetanosa, kukutxeztula, haemophilusa, polioa eta B hepatitisari aurre egiteko ematen den txerto hexabalente baten dosiak dira.
EH Bilduk adierazi duenez, kasu batzuetan bigarren dosia ere eman dute iraungita. Hori dela eta, deitoratu du Osakidetzak ez duela txertoen iraungitze-dataren trazabilitatearen jarraipenik egin eta ez dituela ezarritako prozedurak eta protokoloak bete.
Besteak beste, alderdi abertzaleak Osasun sailburuari galdetu dio zenbat haurri eragin dion eta Osakidetzak familiak jakinaren gainean jarri dituen ala ez.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak