Muskilen festa egin dute lehen aldiz Iruñean inauteriak iragartzeko, Kaldereroen ordez
Duela sei urte hasi zuten Iruña Taldeko kideek festa aldatzearen beharraren inguruko hausnarketa, ijito komunitatearen ezerosotasunetik abiatuta. Muskilak sortu dute, izena eta janzkera aldatuz, baina festaren egitarauari eutsiz.
Iruña Taldeko kideek Muskilak jaiarekin iragarri dute aurten inauterien etorrera. Kaldereroak ospatzen zituzten orain arte, ijito herriarekin lotutako elementuekin, baina hori ez zen komunitate horren gustukoa. Hala, jai berritzailea egin dute larunbat honetan Alde Zaharrean, guztiak eroso senti daitezen.
Duela sei urte hasi zuten gai honen inguruko hausnarketa, Nafarroako ijitoen elkartekoen iritzia entzunda, eta barne azterketa luze baten ondoren, iaz orain arteko formatoari amaiera erabaki zuten eta kaldereroen ordez festa berria antolatzea erabaki zuten.
Iruña Taldeko Ilazki Bidadorrek Euskadi Irratiko Amarauna saioan azaldu duenez, arrazismoaren kontrako arrazoiak izan dituzte kontuan erabakia hartzeko: "aspaldidanik hainbat elkarteren kezkatik abiatuta erabaki dugu inauteria iragartzen duen festa hau izenez eta formaz aldatzea, ulertzen baikenuen festa bat ezin dela zerbait zapalatzailea izan". "Nahiz eta agian ez den intentzio txarrez egin, eta badakigu tradizio handiko festa dela, gaur egungo belaunaldiok uste dugu ez duela zentzu handirik horrelako zerbait egiteak", gehitu du.
Hala, izena eta janzkera aldatu diote jaiari baina egitaraua mantendu dute: goizean kalejira izan da, 12 zaldikoak aterako dituzte, animalien dantza izan da, bazkaria eta arrtsaldean fanfarrearekin kalejira.
"Modu naturalean" eman dutela aldaketarako pausoa kontatu du, eta gehien kostatu dena, erabakia bera hartzea baino, "sortu behar genuen gauza berria zer izango zen erabakitzea" izan zela azaldu du.
"Orokorrean oso iritzi onak" jaso dituztela ere esan du, eta izenaren jatorriaz galdetuta, honakoa azaldu du: "Muskila lorea atera aurreko kimua da eta hitz paregabea iruditu zaigu, inauteriaren etorrerarekin batera udaberria ere etortzen delako. Hala, udaberria loratu aurreko loreak gara. Gainera, XIX. mendeko aipu bat aurkitu genuen esaten zuena 'estolda zuloetatik ateratzen diren muskilak'. Gu horixe gara, kaletarrak, hirikoak, Alde Zaharrekoak, eta pixkat bat hori sinbolizatu nahi izan dugu".
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera