EPAIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Korrika baliatuz 36 migratzaileri muga zeharkatzen lagundu zieten zazpi ekintzaileak errugabe jo dituzte

2024ko martxoan 36 migratzailek Irungo Santiago zubia zeharkatu zuten, Korrikarekin batera eta hainbat ekintzaileren laguntzarekin. Frantziako Justiziak horietako zazpi auzipetu zituen, eta 10 urterainoko zigorra eta 250.000 euroko isuna eskatu zuen haientzat. 

Korrika auziperatuen epaiketa hasiera Baiona

Auzipetutako ekintzaileak, epaiketaren egunean. Artxiboko irudia.

Baionako Auzitegiak errugabe jo ditu 2024ko Korrikan Gipuzkoa eta Lapurdi lotzen dituen Santiago zubitik 36 migratzaileri muga pasatzen lagundu zieten zazpi militanteak. Antolatutako taldean pertsonen trafikoa delitua leporatuta auzipetu dituzte. 

Iazko urrian egin zen epaiketa, eta Fiskaltzak 1.000 eta 1.500 euro arteko isunak eskatu zituen zazpi ekintzaileentzat, baina epaileak ez du eskaria kontuan hartu. 

2024ko martxoaren 14an, Korrika abiatu zen egunean, giza eskubideen aldeko zenbait militantek afrikar jatorriko 36 migratzaileri Lapurdira igarotzen lagundu zieten, eta handik egun batzuetara, hainbat kolektibok bere gain hartu zuten desobedientzia zibileko ekintza hura.

Ekintza hori dela eta, Frantziako Justiziak deklaratzera deitu zituen kolektibo horietako zazpi ekintzaile, eta haien azalpenak entzun ondoren, auzipetzea erabaki zuen. 10 urterainoko espetxe zigorra eta 250.000 euroko isuna eskatu zuen zazpientzat. 

Auziperatzeak elkartasun olatu bat abiarazi zuen, eta dozenaka eragilek 'J'accuse' goiburua zuen kanpaina jarri zuten abian. 5.000 autoinkulpazio inguru bildu zituzten, eta Europako migrazio politikak salatzeko hainbat ekintza egin zituzten.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X