BENTZENO IHESA PETRONORREN

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Petronor Muskiz eta Abantoko herritarrak "hiltzen" ari dela salatu dute ehunka lagunek

Bizkaiko bi herri horietako bizilagunak kalera atera dira ostegunean izandako bentzeno ihesaren aurka protesta egiteko. Salatu dutenez, agintariek "berandu" hartu zituzten prebentzio neurriak, bentzeno maila altuak goizean atzeman zituzten arren. Jaurlaritzari neurriak eskatu dizkiote, halakorik berriro gerta ez dadin. 

Muskizko martxaren une bat. Argazkia: Europa Press

Muskizko manifestazioaren une bat. Argazkia: Europa Press

Hainbat auzo elkartek deituta, manifestazioa egin dute gaur Muskizko eta Abantoko herritarrek ostegunean Petronorren izan zen bentzeno ihesaren kontra protesta egiteko eta gertakariaren kudeaketa salatzeko. Bentzeno maila altuak zirela eta, etxean geratzeko gomendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Horren harira, agintariei Meatzaldeko herritarren osasuna zaintzeko deia egin diete, eta horrelakoak berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko. 

Manifestariak bi zutabetan joan dira findegiaren parera. Bietako bat Abantoko Las Carreras auzoko Trinitate plazatik abiatu da; bestea, Muskizko udaletxetik. Bi zutabeek Muñatones jauregian egin dute bat, eta handik Petronorrerako bidea  bat eginda egin dute. 

"Meatzaldea ez dago salgai", "Petronor aski da" eta "Gu hiltzen ari zarete" leloak izan dituzte ahotan herritarrek, euren haserrearen erakusle. Salatu dutenez, agintariek "beranduegi" ezarri zituzten prebentzio neurriak; izan ere, bentzeno maila altuak goizean atzeman zituzten, baina gauera arte ez zieten etxetik ez ateratzeko gomendioa eman. 

Jaurlaritzari neurriak hartzeko eskatu diote

Manifestazioa bukatuta, Meatzaldea Bizirik eta Stop Variante Las Carreras elkarteetako ordezkariek Petronorren zein Jaurlaritzaren jarduna kritikatu dute komunikatu banatan. 

Las Carreras auzoan saihesbidea egitearen kontra dagoen plataformak salatu duenez, bizilagunek "pozoia arnastu" zuten ostegunean. "Etxean geratzeko gomendioa berandu eman izana ez zen akats puntuala izan, gero eta gehiagotan gertatzen den hanka-sartze larria baizik. Alarmak ez zuen jo, arriskua benetakoa zen arren", kritikatu dute. 

Auzo plataformaren arabera, Petronorren azpiegiturak "zaharrak" dira, langileek "denbora daramate segurtasun eta mantenu arazoak salatzen, eta, bitartean, administrazioak ezikusiarena egiten du, gertakariei garrantzia kentzen die, ez du enpresa zigortzen eta ez du gardetasunez informatzen". 

Stop Variante Las Carreras elkarteak esan du Meatzaldeko bizilagunen osasunaren alde "azken muturreraino" borrokatzeko prest dagoela, eta ez duela "atzerapausorik" onartuko.

Manifestazioaren beste une bat.

Meatzaldea Bizirik elkartearen hitzetan, herritarrek "aski da" adierazi diote Petronorri, eta halere, "gasekin pozoitzen gaitu behin eta berriz". 

Elkartearentzat ostegunean gertatutakoa "ez da gorabehera isolatu bat, azpiegituren funtzionamendu txarraren ondorio txarra baizik". "Ez ditugu enpresaren barkamen eskaerak nahi, ezta Jaurlaritzaren eta Udalen konplazentzia ere", gaineratu dute. 

Halaber, osteguneko ihesa berriro ez errepikatzeko "beharrezkoak diren neurriak" hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari, eta isuriak "etengabe eta publikoki monitorizatzeko" sistema bat galdegin dute. 

Bizilagunez gain, EH Bilduko eta Podemos Euskadiko ordezkariak ere izan dira bertan.

Mikel Otero koalizio subiranistaren Trantsizio Ekologikorako idazkariak Petronorren "ikuskapen sakona" egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, eta "neurriak eta isunak ezartzeko". Auzia Legebiltzarrera eramango dutela jakinarazi du, eta arduradun politiko zein enpresaren ordezkarien agerraldia galdegingo dutela. 

Podemos Euskadirentzat Petronorren egoera "onartezina" da, eta, hori dela eta, Foru Aldundiaren "berehalako agerraldia" eskatuko duela jakinarazi du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X