Bost urteko kartzela zigorra ezarri diete bi gazteri adingabe bat hiltzen saiatzeagatik, Donostian
Bi auzipetuek gertatutakoa onartu eta akordioa lortu dute Fiskaltzarekin. Hala, 12 urteko zigorra beharrean, bost urtekoa jaso dute, eta sei urtez, ezingo dira biktimarengana hurbildu, ezta harekin harremanetan jarri ere. Hilketa saiakera 2025ean gertatu zen, Donostiako ikastetxe baten atarian. Lau gizon, horietako bi adingabeak, adin txikiko bat hiltzen saiatu ziren.
Jorge Juan Hoyos epailea, gaurko saioan. Argazkia: EFE
Iaz Donostiako ikastetxe baten atarian adingabe bat labanaz hiltzen saiatzeagatik auzipetutako bi gazteei bost urteko kartzela zigorra ezarri die epaileak. Gazteen defentsak akordioa lortu du Fiskaltzarekin, eta auzipetuek gertakariak onartu dituzte. Hori horrela, ez da epaiketarik izan Gipuzkoako Auzitegiko 3. sekzioan.
Erailketa delitu saiakera egotzita, Fiskaltzak 12 urteko kartzela zigorra eskatu zuen bi auzipetuentzat; bat ustezko egilea zelakoan, eta bestea, ustezko eragilea. Astungarri bat ere kontuan hartu zuen fiskalak, biak burua estalita baitzeuden gertakarien unean.
Hilketa delituagatik zigortu dituzte azkenean
Akordioari esker, Ministerio Publikoak akusazio idatzia aldatu du, eta hilketa delitu saiakera leporatu die biei, eta aringarria aplikatu, biek kalte-ordainaren zati bat ordaindu baitiote biktimari (batek 1.200 euro, eta besteak, 600 euro). Kartzela zigorraz gain, epaileak biktimarengana hurbiltzeko eta harekin harremanetan jartzeko debekua ezarri die, sei urtez.
Fiskaltzaren arabera, hilketa saiakera gertatu baino 15 egun lehenago, neska batek bikotekideari kontatu zion ikaskide bat bera "limurtu nahian" zebilela. Hura jakindakoan, gaztea haserretu egin zen, eta "mendeku gosez, adingabea hiltzea erabaki zuen".
Gazteak bi laguni (horietako bat adin txikikoa zen) kontatu zien bere asmoa, eta hiruren artean, biktima "hiltzeko plana" prestatu zuten.
Hurrengo egunetan, biktimaren argazki bat lortu zuen gazteak, eta hilketa egiteko latexezko eskularru beltzak, kolore bereko buru-berokiak eta sukaldeko aizto handi bat eskuratu zituen. Martxoaren 13an, 15:45ean, lau gizonak (bi adinez nagusi eta bi adingabe) Donostiako ikastetxera joan ziren, eta eskolak amaitutakoan, biktimarengana hurbildu ziren eta "bat-batean" oldartu zitzaizkion.
Biktimak ihes egitea lortu zuen, baina hainbat sastakada jaso zituen. Gainera, ihes egiten saiatzen ari zela, erasotzaileek berriro egin zioten eraso. Gertakari horien ondorioz, hainbat zauri eragin zizkioten biktimari.
Auzi berean beste bi adingabe zigortu zituzten iaz
Kasu beragatik beste bi akusatu epaitu zituzten iazko abenduan, biak ere adingabeak. Horiek ere egindakoa onartu zuten eta Fiskaltzarekin akordioa lortu zuten Donostiako Adingabeen Epaitegian egindako saioan. Haietako bat hilketa saiakera delituaren egile izateagatik zigortu zuten, eta bi urtez egon beharko du adingabeen zentro batean, erregimen itxian. Besteari beharrezko laguntzaile izatea egotzi zioten, eta urtebete eta erdiko zigorra ezarri.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera