Sadarko istiluak

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariaren dimisioa eskatu dute zale gorritxoek manifestazio batean

Sadar Bizirik elkarteak deituta, protesta egin dute ehunka lagunek Iruñean. Osasunak duela bi aste Real Madrilen aurka jokatutako partida amaitu ostean Espainiako Poliziak erabilitako indarkeria salatu dute, eta Alicia Echeverriari erantzukizunak bere gain hartzeko eskatu diote. "Ezin dugu normalizatu etxean bertan amorruz eta bortizkeriaz gu jipoitzea", nabarmendu dute.

PAMPLONA, 07/03/2026.- Aficionados de Osasuna, en respuesta a una convocatoria del colectivo Sadar Bizirik, se han manifestado este sábado en Pamplona para denunciar las cargas policiales al término del encuentro disputado en el estadio de El Sadar contra el Real Madrid y exigir la dimisión o cese de la delegada del Gobierno, Alicia Echeverría. EFE/Jesús Duges

Zaleak, Sadar estadioaren parean gaur. Argazkia: EFE

Sadar Bizirik elkarteak deituta, manifestazioa egin dute eguerdian Iruñean, duela bi aste Sadar futbol zelaian Polizia Nazionalak egindako kargak salatzeko. Manifestariek Alicia Echevarria Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariaren dimisioa eskatu dute. 

Istiluak otsailaren 21ean jazo ziren, Osasunak eta Real Madrilek partida amaitu ostean. Sadar zelaiko segurtasun langileak hego-harmailara joan ziren ustez zelaira botila bat bota duen zale bat identifikatzera. Ondoren, Espainiako Polizia zale batzuen aurka oldartu zen, harmailetan eta estadioko korridoreetan. Bi pertsona atxilotu zituzten, eta beste bi zauritu ziren. Zaurituetako bat ospitalera eraman behar izan zuten. 

Osasuna taldeak gertakariak gaitzetsi zituen eta barne ikerketa abiatu zuen gertatutakoa ikertzeko. Oso bestelakoak izan ziren Alicia Echeverria Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariaren adierazpenak. Echeverriak Espainiako Poliziaren lana goraipatu zuen, eta "egin beharrekoa egin zuen", erantsi zuen.

Gaur, Osasuna-Mallorca partida hasi baino bi ordu lehenago, zale gorritxoek manifestazioa egin dute "Osasuna garelako" lelopean. Sadar zelaiko istiluetan zauritutakoen argazkiak eskuan, Foruen plazatik abiatu dira manifestariak, eta Zaragoza etorbidean barrena, estadiorako bidea egin dute. 

"Ez da egon autokritikarik eta ez da erantzukizunik hartu"

Oihane Agirregoikoa Sadar Bizirik elkarteko bozeramaileak komunikatua irakurri du manifestazioa abiatu aurretik. Horren hitzetan, "ezin dugu normalizatu etxean bertan halako amorruz eta bortizkeriaz gu jipoitzea". 

"Badakigu Osasunako zaleak ez direla Ligan nagusi diren horien begiko, ezta komunikabide handienenak ere, baina ez dugu onartuko gure izaera aldaraztea. Ez dugu onartuko begiak eta ahoak estalaraztea eta errealitateari bizkarra ematea. Sadarrek ez dio utziko izaten historikoki izan denari", salatu du. 

Sadar Bizirik elkarteak Alicia Echeverriaren jarrera eta adierazpenak deitoratu ditu, eta horren dimisioa eskatu du. "Ez dugu onartuko bi asteren buruan autokritikarik egin ez izana edo erantzukizunik hartu ez izana", erantsi du. 

Oihana Agirregoikoa bozeramaileak azpimarratu du manifestazio isila egin nahi izan dutela. "Hori da, hain justu, gu kolpatu gintuztenak ematea nahi ez dugun irudia", argudiatu du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X