GIPUZKOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bi gizon atxilotu dituzte Tolosan pertsonen trafiko irregularra egotzita

Larunbat goizaldean, Ertzaintzaren patruila batek ibilgailu bat geldiarazi zuen, eta jabetu zen barruan sei pertsona zihoazela, bat maletategian. Gerora egiaztatu zutenez, bidaiariek dirua ordaindu zuten Irunera eta Parisera eramatearen truke. Gidaria eta maletategian zihoan gizasemea atxilotu, eta ertzain-etxera eraman zituzten, epailearen esku utzi aurretik egin beharreko izapideak betetzera.

Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen larunbat goizaldean Tolosan (Gipuzkoa), pertsonen trafiko irregularraren ustezko delitua egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez. 

03:30 aldera, kaleko arroparekin jantzita zegoen ertzain batek modu okerrean zirkulatzen ari zen ibilgailu bat ikusi zuen, eta abisua eman zien inguruan zeuden patruilei. 

Ibilgailua Tolosako Olarrain auzoan geldiarazi zuten. Sei pertsona zihoazen barruan, bat maletategian, eta ertzain-etxera eraman zituzten, identifikatu eta beharrezko izapideak egitera.

Agenteek egiaztatu ahal izan zutenez, bost bidaiariek dirua ordaindu zuten Irunera eta Parisera joateko. 

28 urteko ibilgailuaren gidaria eta maletategian zihoan gizona (27 urte) atxilotu zituzten, trafiko irregularra eta ezkutuko immigrazioa egotzita. Biak ala biak ertzain-etxean izango dituzte epailearen aurrera eraman aurretik egin beharreko eginbideak bete arte. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X