Nafarroako Auzitegiak 180 urteko zigorra ezarri dio Zizurko BHIko irakasle bati 42 emakume grabatzeagatik; gehienak, adingabeak
Auzipetuak 15 urte beteko ditu gehienez, ezarritako zigorrik handiena halako hiru. Akusatua irakasle izateaz baliatu zen, eta, ikasle adingabeen datu pertsonalak erabiliz, Instagram, Snapchat eta beste sare sozialetako sarbide-gakoak bereganatu zituen, baita ikasleen artxibo eta argazki pribatuak ere. Delitu guztiak onartu ditu.
Nafarroako Auzitegiko Lehen Sekzioak 180 urte eta 9 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Zizurko BHIko irakasle bati, 42 emakume (gehienak, adingabeak) bere lantoki zen ikastetxeko komunetan eta saltokietako probalekuetan grabatzeagatik.
Magistratuek ebatzi dutenez, Zigor Kodearen 76. artikuluaren arabera, auzi honetan ezarritako espetxe-zigorren gehieneko betetze efektiboa 15 urtekoa da, ezarritako zigorrik handiena (5) halako hiru, eta auzipetuak 3.000 eta 15.000 euro arteko kalte-ordaina eman beharko die 42 biktimei.
Joan den martxoaren 24an eta 25ean egindako epaiketaren aurretik, akusatuak 273.000 euro utzi zituen kontsignatuta kalte-ordainetarako; hori dela eta, auzitegiak aintzat hartu du ebazpen judizialean kaltea konpontzeko aringarria, eta, horren ondorioz, magistratuek gutxieneko mugan ezarri behar dituzte zigorrak.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian errekurritu daiteke epaia.
Biktimen artean, auzokide bat zegoen, zeinak, kondenatua bera grabatzen ari zitzaiola ohartu zenean, salaketa jarri zuen 2023an, abiapuntua jarriz ondorengo ikerketa polizial eta judizialari.
Auzokide horrek salaketa jarri ondoren, Iruñeko 4. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko titularrak baimena eman zuen 2023ko urriaren 19an auzipetuaren etxera sartu eta miatzeko, eta bertan hainbat emakume eta adingaberen material grafikoa, irudiak eta bideoak aurkitu zituzten.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, frogatu egin da akusatua irakasle izateaz baliatu zela, eta, adingabeen datu pertsonalak erabiliz, Instagram, Snapchat eta beste sare sozialetako sarbide-gakoak bereganatu zituela. Horrela, ikasleen artxibo eta argazki pribatu guztietara sartzen zen eta horiek gorde.
Defentsak onartu egin zituen grabazioak, bai eta irudiak lortzeko karpeta pertsonaletara sartu zela ere, eta intimitatearen aurkako delitu guztiak aitortu zituen.
Ikertzaileek, gainera, adin txikikoak biluzik irudikatzeko Adimen Artifiziala erabili ahal izateko programa informatiko bat edukitzearen zantzuak aurkitu zituzten.
Defentsak eskatutako aringarriei dagokienez, Auzitegiak baztertu egin ditu akusatuak buru-nahasmendurik duenik, eta bidegabeko atzerapenak eta aitorpena ere bai.
Intimitatearen aurkako berrogeitik gora delitu, intimitatearen aurkako delitu jarraituak, haur-pornografia edukitzearen eta sortzearen delituak leporatu dizkiote.
Era berean, 10 urtean ezingo du adingabeekin zerikusia duen ezein lanbide, ofizio eta jardueratan parte hartu.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera