Epaiketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gaur hasiko da Lukas Agirre hernaniar gaztearen hilketa argitzeko epaiketa

2022ko Gabonetan gertatu zen krimenaz akusatuta, hiru pertsona eseriko dira aulkian: hilketaren ustezko egilea, beharrezko laguntzailea (hiltzaileari labana eman ziona) eta krimena estali zuen neska bat. Gaur osatuko da herri-epaimahaia eta astelehenean hasiko dira deklarazioak. Fiskaltzak eta akusazioak 22 eta 25 urte arteko kartzela-zigorra eskatzen dute.

homenaje-Lukas-Agirre-efe
Omenaldia Lukas Agirreri Hernanin, krimenaren urteurrenean. Argazkia: EFE.

Ostiral honetan hasiko da Gipuzkoako Lurralde Auzitegian 2022ko Eguberri goizaldean Donostian labankadaz hil zen 24 urteko Lukas Agirre Izkoren krimena argitzeko epaiketa

Herri-epaimahaia osatuko da gaur, eta astelehenean hasiko dira batzuen eta besteen deklarazioak. Hiru astez ere luza liteke epaiketa. 

Hiru pertsona eseriko dira akusatuen aulkian: hilketaren ustezko egilea den gizonezkoa, horri labana eman zion beste gizon bat (beharrezko laguntzailea izatea leporatuta) eta krimena estali zuen emakume bat.

Fiskaltzak 22 urteko kartzela zigorra eskatu du bi gizonentzat, lehenengoaren kasuan homizidioagatik eta bigarrenaren kasuan laguntzeagatik. Akusazio partikularra den familiak 25 urte eskatu ditu. Emakumearentzat 2 eta 3 urte bitarteko zigorrak eskatu dituzte. 

Agirrek Okendo plazako diskoteka batean ospatu zuen Gabon gaua lagunekin, Gipuzkoako hiriburuaren erdialdean. Handik irtetean, 06:00ak aldera, eta Maria Cristina hoteletik gertu, bi koadrilen arteko eztabaida izan zen. 

Orduan, Fiskaltzaren arabera, "ustekabean eta bat-batean", "defentsarako" aukerarik gabe, Lukas Agirrek bi labankada jaso zituen, bata saihetsaldean eta bestea lepoan. Bertan hil zen, odolustuta. Erasotzaileak, Fiskaltzak dioenez, "Lukas hiltzeko asmoz" jardun zuen.

Krimenak atsekabe handia eragin zuen Hernanin. Bertan, zorigaiztoko erasoa gertatu eta egun batzuetara, Lukas agurtu eta familiari babesa emateko ekitaldi jendetsua bat egin zen. Donostian ere ehunka lagun bildu zituen elkarretaratzea egin zen hilketa osteko egunetan. 

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X