Bizkaia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bost gizonezko atxilotu dituzte Abanton, Gallartako festetan beste bati erasotzeagatik

Erasoa joan den larunbateko 05:00ak aldera gertatu zen. Atxilotuetako hiru adingabeak dira.

Ertzaintzak bost gizonezko atxilotu ditu Abanton (Bizkaia), horietako hiru adingabeak, asteburuan Gallarta auzoko jaietan beste gizonezko bati eraso egiteagatik. Biktimari ebakuntza egin zioten larrialdietan, masailezurra hautsita zuelako, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Hain zuzen, joan den larunbateko 05:00ak aldera Ertzaintzari jakinarazi zioten Gallarta auzoko jaietako barrutian gizon gazte bati eraso egin ziotela. Inguruan zaintza lanetan ari ziren Muskizko ertzain-etxeko herritarren arretarako patruilak berehala bertaratu ziren eta biktima aurkitu zuten.

Erasoa jasan zuen 24 urteko gizonak ezin izan zuen gertatutakoa agenteei azaldu, lesio larriak baitzituen masailezurrean eta hortz batzuk falta baitzitzaizkion, eta ospitalera eraman zuten. Horrela, lekukoek emandako informazioan oinarrituta aurkitu ahal izan zuten inguruan ustezko erasotzaileetako bat (19 urteko gizonezkoa), eta lesio delitua leporatuta, atxilotu zuten.

Erasoaren ondoren egindako hasierako ikerketei esker, inguruan identifikatu zituzten horretan ustez parte hartu zuten hainbat pertsona, eta, egin beharreko ikerketak egin ondoren, larunbateko 11:00ak aldera, 18 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten delitu hori leporatuta.

Ikerketa lanaren ondorioz, igandean, 16 urteko bi gizonezko eta 17 urteko bat atxilotu zituzten, lesio larrien delitua leporatuta, erasoan parte hartu zutelakoan.

Hiru adingabeak aske utzi dituzte, eta Adingabeen Fiskaltzak noiz deituko zain daude; beste bi atxilotuak, aldiz, polizia-egoitzara eraman zituzten beharrezko eginbideak egiteko eta, horiek amaitutakoan, epailearen esku utziko dituzte.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Elon Musk bat dator Anthropic eta OpenAI lehiakideekin, adimen artifiziala moteldu behar dela

Anthropiceko Dario Amodeik adimen artifizialaren (AA) garapena moteltzeko eskatu zuen ostiralean, segurtasun arriskuengatik, eta eskaera horren alde egin dute lehiakideek, OpenAIko Sam Altmanek eta xAIren sortzaile Muskek. OpenAIko eta Anthropiceko liderrek iragarri dute ebaluatzaile independenteei beren sistemak ikuskatzea ahalbidetuko dietela, baina Muskek ez du hori argitu.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Oihane Mateos Oria, duela gutxi hildako lankide eta laguna, gogoan izan du Dani Alvarezek Gasteizko FesTVal jaialdian

Aste gogorrak izan dira azken hauek Orain eta EITBko Albistegietako lantalde guztiarentzat. Dani Alvarez lankideak Gasteizko FesTVal jaialdian esan duen bezala, "bizitzako injustizia bategatik goizegi joan berri da Oihane Mateos Oria". Bere irribarrea, energia eta lanerako grina beti izango dira gure artean, ordea. Hemen Daniren hitzak gaur iluntzean, sari bat banatu aurretik.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X