Bi pertsona atxilotu dituzte Bizkaian, Hezbollahrekin zerikusia dutelakoan
Operazioa sekretupean dago, eta ez dute xehetasun gehiagorik zabaldu. Libanoko taldearen beso armatua Europar Batasuneko erakunde terroristen zerrendan dago; ez, ordea, alderdi osoa.
Polizia Nazionalak bi pertsona atxilotu ditu Bizkaian, Libanoko erakunde politiko eta militar xiita Hezbollahrekin lotura dutelakoan. Operazioak zabalik jarraitzen du, eta ez dute xehetasun gehiagorik eman.
Poliziak EFEri jakinarazi dionez, operazioa Auzitegi Nazionalak zuzentzen du, eta Informazio Komisaria Nagusiak parte hartzen dihardu.
Polizia-jarduera gaur goizean hasi da Bizkaian, sumario-sekretupean dago, eta ez dute xehetasunik eman ikerketaren nondik norakoei eta ustezko delituei buruz.
Hezbollah Libanoko Parlamentuan ordezkaritza duen legezko alderdi politikoa da. Haren beso armatua Europar Batasuneko talde terroristen zerrendan sartuta dago, baina ez erakunde osoa.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak