EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

016 zenbakira egindako deiak % 120,8 igo ziren, Espainiak Munduko Futbol Txapelketa irabazi ostean

Partida amaitu ondoren, igoera nabarmena nabaritzen hasi zen aurreko asteko egun eta ordu tarte berarekin alderatuta.

Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei laguntzeko telefonoak

Estatuan indarkeria matxistaren biktimak artatzen dituen 016 telefono zenbakira egindako deiak % 120,8 igo ziren Espainiako selekzioak Munduko Futbol Txapelketa irabazi ostean, Berdintasun Ministerioko iturriek jakitera eman dutenez.

Igoera hori igande gaueko 23:00etatik asteleheneko 07:00ak bitartean gertatu zen El País egunkariak zehaztu duenez. 

Egun osoko datuak kontuan hartuta, uztailaren 19an partida hasi aurretik aurreko igandeetan baino dei gutxiago izan ziren. Partidaren ostean, ordea, nabarmen igotzen hasi zen kopurua. Astelehenean, egun osoko datuak kontuan hartuta, igoera % 21,9koa izan zen aurreko asteko astelehenarekin alderatuta.

Berdintasun Ministerioak eskaintzen dituen gainerako kanalei dagokienez, astelehenean, hilak 20, kontaktuak ugaritu egin ziren: posta elektronikoak % 1.000 egin zuen gora, online txatak  % 60 eta Whastapp-ak % 8,75.

Aste honen hasieran bi krimen matxista gertatu dira Malagan eta Toledon. Guztira, 2026an, 31 dira Espainian genero-indarkeriaren ondorioz hildakoak. Zifra hori azken urteetakoa baino handiagoa da; 2025ean 22 krimen erregistratu ziren egun horietan. Datu okerrago bat aurkitzeko 2019ra atzera egin behar da; orduan, garai berean 37 krimen baieztatu ziren.

Espainian ez da inoiz futbola eta indarkeria matxista lotzen dituen ikerketarik egin. Erresuma Batuan, berriz, Etxeko Indarkeriaren Zentro Nazionalak 2018an argitaratu zuen txosten baten arabera, salaketak % 26 hazten ziren Ingalaterrako selekzioak partida bat jokatzen zuenean eta, partida galtzen bazuen, igoera % 38koa zen. 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren baten berri baduzu, deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ezabatu egin behar da.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X