Bilbo
Gorde
Kendu nire zerrendatik

7.000 eurorainoko isunak, Lamiakoko itsasadarpeko tunelaren aurkako protesta egiteagatik

Subflubiala Ez plataformak azken hilabeteko bigarren zehapen tanda salatu du. Dagoeneko 11 pertsona zigortu dituzte.

bilbo

Itsasadar azpiko tunelaren aurkako protesta bat; artxiboko argazkia.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zigor ekonomikoen beste tanda bat ezarri die lau pertsonari —guztira 3.000 euro— Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egindako protesta bat dela eta, Subflubiala Ez plataformak salatu duenez. Azken jakinarazpen horrekin, itsasadarraren azpiko tunela eraikitzeko proiektuaren aurka dauden kolektiboek guztira 7.000 eurotik gorako isunak ordaindu beharko dituzte.

Salaketa administratibo honek Foru Jauregiaren aurrean egindako kontzentrazio baketsu batean parte hartu zuten lau aktibistari eragiten die. Gertakariok San Ignazio eguneko harrera ofizialean jazo ziren; une horretan, Ertzaintzak bertan bildutako hainbat lagun identifikatu zituen.

Bigarren zigor tanda hilabetean

Plataformak ohar bidez azaldu duenez, zigorrak "duela hilabete eskas kolektiboko beste zazpi kidek jasotakoei gehitzen zaizkie, pankarta bat zabaltzeagatik". Ekintza horregatik aktibista bakoitzak 600na euroko isuna jaso zuten (4.000 euro baino gehiago, guztira).

Subflubiala Ez plataformak salatu duenez, zigor ekonomikoen jario hau "zentsura saiakera bat" da, azpiegituraren aurkako mugimendua ekonomikoki itotzeko. "Oposizioa isilarazi nahi dute, herritarrek parte hartu gabe inposatutako proiektu baten ingurumen-inpaktuak eta gizarte-kosteak salatu ez ditzagun", adierazi dute.

Kolektiboak itsasadar azpiko Lamiakoko tunela eraikitzearen aurkako jarrera irmoa agertu du berriro ere, krisi klimatiko betean trafikoa eta kutsadura handituko dituela iritzita. Era berean, ohartarazi dute Artatza parkea suntsituko dutela, baita Ballonti ibaiaren ingurua ere. 

Gainera, salatu dute Artatza-Romo institutuan eta inguruko ikastetxeetan zarata areagotzea eragingo duela, eta horrek irakasle eta ikasleen eguneroko jarduna zailduko duela.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X