Marihuana-plantazio handi bat desegin dute Fruizko baserri batean
Bi gizon atxilotu dituzte operazioan, eta 1.600 marihuana landare baino gehiago eta 8,5 kilo haxix konfiskatu dituzte.
Barrualdeko plantzio handi bat desegin dute Fruizko (Bizkaia) baserri batean. Operazioan 1.600 marihuana-landare baino gehiago eta 8,5 kilo haxix konfiskatu dituzte. Ertzaintzak, Zerga Agentziak eta Polizia Nazionalak elkarlanean egindako ikerketa bati esker atzeman dute, eta, jakitera eman dutenez, polizia-operazioan bi gizon atxilotu dituzte.
Gernikako ertzain-etxeak eta Polizia Nazionalak duela hilabete batzuk abiatu zuten ikerketa, droga-gaietan aurrekariak zituen susmagarri baten inguruan. Ikerketak Fruizko baserri batera eraman zituzten agenteak, eta bertan lokalizatu zuten gizon hori, beste batekin batera.
Era berean, Zerga Agentziak ere zantzu argiak atzeman zituen baserri horretan kalamua hazten ari zirela pentsatzeko. Hala, operazioa martxan jarri eta, epailearen baimenarekin baserrian sartu zirenean, ikertzaileek hazkunde eta loratzen zeuden 1.602 marihuana-landare aurkitu zituzten, baita banatzeko prest zeuden kukuluak ere.
Baserria, droga ekoizteko prestatuta
Baserriaren barrualdea erabat egokituta zegoen: intsonorizatutako logelak, aireztapen-sistema bereziak, LED lanparak eta potentzia handiko iragazkiak zituzten. Hau da, punta-puntako teknologia erabiltzen zuten landareak zaintzeko, usaina zabaltzea saihesteko eta zarata ezkutatzeko.
Atxilotutakoak bi gizon dira: ikertu nagusia, 39 urteko espainiarra, eta plantazio barruan zegoen 36 urteko jatorri latinoamerikarreko beste bat. Susmagarri nagusiaren ibilgailua miatu eta banatzeko prest zeuden 4,4 kilo haxix-erretxina aurkitu zituzten. Paketeak aztertuta, merkatu beltzean balio handia izango lukeen kalitate goreneko marihuana-barietate bat dela egiaztatu dute.
Bi gizonak Ertzaintzaren egoitzara eraman dituzte, eta konfiskatutako material guztia Gernika-Lumoko Instrukzio Auzitegiaren esku dago.