Osakidetzak urrian instalatuko du Euskadiko Protonterapia Unitateko ekipamendua, eta 2028an artatuko ditu lehen pazienteak
Zehaztasun handiko teknologiari esker, tumoreak modu lokalizatuagoan tratatzeko eta ehun osasuntsuen gaineko kaltea murrizteko aukera ematen du. Horrela, euskal osasun-sistema Europako aurreratuenetako bat izango da onkologia erradioterapikoaren eremuan.
Osakidetzak urrian instalatuko du Euskadiko Protonterapia Unitateko ekipamendua, eta 2028ko urtarrilean pazienteak artatzen hastea aurreikusi du. Azpiegiturak 61,38 milioi euroko inbertsioa izan du guztira, eta euskal osasun sare publikoaren gaitasun asistentziala indartuko du. Gauzak horrela, Euskadi minbiziaren tratamendu erradioterapikoaren abangoardian kokatuko du. Gainera, euskal osasun-sistema Europako aurreratuenetako bat izango da onkologia erradioterapikoaren eremuan.
Hala azaldu dute ostegun goizean Osakidetzako Osasun-azpiegituren zuzendariorde Unai Zuluetak eta Onkologiako Kudeaketa Klinikoko Unitatearen buru Txema Urracak. Komunikabideekin batera bisita egin dute ekipamendu hori egongo den eraikin berriaren obra ikusteko.
Unitate berriak EAEko eta inguruko pazienteen arreta hobetzen lagunduko du, eta erreferentziazko baliabide bat finkatuko du zehaztasun eta toxikotasun handieneko tratamenduetarako.
Euskadiko Protonterapia Unitatea abian jartzea, gainera, EAEko Osasun Itunaren ildo estrategikoen baitan dago. Itun horrek berrikuntza bultzatzearen, osasun-sisteman teknologia berriak sartzearen eta azpiegitura moderno, irisgarri eta koordinatuak garatzearen aldeko apustua egiten du. Gainera, proiektuak arreta onkologikoa baliabide aurreratuenekin indartzeko lehentasunari erantzuten dio, tratamenduen zehaztasuna eta minbizia dutenen arretaren kalitatea hobetzeko baliabideei esker.
Azpiegitura estrategikoa
Unitate berriak zehaztasun handiko teknologia baliatuko du, tumorea modu lokalizatuan tratatzeko, eta ehun osasuntsuen gaineko kaltea murrizteko aukera ematen du. Abantaila hori bereziki garrantzitsua da tumorea organo delikatuak gertu dituenean eta tratamenduaren albo-ondorioak murriztu nahi direnean.
Protonterapiak zabaldu egiten ditu aukera terapeutikoak, eta tratamendu pertsonalizatuagoak, zehatzagoak eta seguruagoak ahalbidetzen ditu. Kasu askotan, pediatriako pazienteei eta tumore konplexuak edo lokalizazio zailekoak dituzten helduei ematen zaien arreta hobetzea ahalbidetuko du.
Onkologia erradioterapikoa minbizia dutenen % 60en tratamenduaren parte da, gutxi gorabehera, eta sendatzeko xedea du, bera bakarrik edo, kasuen % 40etan, beste tratamendu batzuekin konbinatuta. Unitate horrekin, Osakidetzak beste tresna bat du tratamenduak pazienteei ahalik eta gehien egokitzeko.