Supermerkatuetan lapurretak egiten zituen talde bat desegin dute eta 10.000 produktu berreskuratu dituzte
Lapurtutako produktuek 102.000 eurotik gorako balioa zuten, eta aipaturiko taldeak Bizkaian gutxienez bost lapurreta egin zituen, Bilbon, Barakaldon eta Santurtzin. Halaber, Araban egindako beste lapurreta batzuk ere ikertzen ari dira.
Guardia Zibilak tabernetan lapurretak egiten zituen talde bat desegin du, eta merkatuan 102.000 euroko balioa zuten 10.000 produktu baino gehiago berreskuratu ditu. Guardia Zibilak asteazken honetan ohar bidez jakinarazi duenez, gaur-gaurkoz bi pertsona atxilotu dituzte eta bost ikerketapean daude.
Klopes izeneko operazioaren baitan desegin duten taldeari 19 lapurreta egitea leporatzen diote; horietako bost, Bizkaian, eta gainerakoak, Espainiako hainbat tokitan. Gainera, Madrilen, Burgosen eta Araban egindako 35 ebasketa ikertzen ari dira.
Erakundea bi talde nagusitan banatuta zegoen. Talde batek lapurtu eta besteak ostutakoa saltzen zuen.
Madrilgo Erkidegotik Bizkaira delituak egitera joandako hainbat talde atzeman zituztenean abiatu zen ikerketa, hain zuzen ere, egun berean Bizkaiko hainbat saltokitan egindako bost ebasketa antzeman zituztenean.
Produktu ez-galkorrak, garestiak eta txikiak lapurtzen zituzten, batez ere eguzki-kremak, bizar-aitzurrak, desodoranteak, alkohola eta kosmetikoak.
Egindako bi miaketatan, agenteek saltokietako alarmak saihesteko tresnak eta elektroimanak aurkitu zituzten.
Horrez gain, ikuskapenak egin zituzten hiru saltokitan eta biltegi batean. Bertan, lapurtutakoen berdin-berdinak ziren produktuak aurkitu ziren, baina askoz ere prezio merkeagoetan. Bertako arduradunek ezin izan zuten produktu horien jatorria zein zen egiaztatu.