61 urteko gizon bat tximino baztangarekin hil da Donostia ospitalean
Hildakoak infekzioa zuen paziente batekin egon zen gelan, baina une horretan ez zen haren diagnostikoaren berri. Osakidetzak 30 kontaktu estu identifikatu ditu eta haien sintomen jarraipena egiten ari da. Halaber, gutxienez 25 pertsonari eman die txertoa.
61 urteko gizonezko bat hil da tximino baztangarekin; Donostia ospitaleko paziente onkologikoa zen. EITBk jakin duenaren arabera, pazientea infekzioa zuen gizon batekin izan zen ospitaleko gelan, baina une horretan ez zuten gaixotasuna zuenaren berririk.
Osakidetzako iturrien arabera, hildako gaixoak gaixotasun onkologiko aurreratua zuen eta oso egoera kliniko ahulean zegoen. Hori dela eta, "ezin da baieztatu" heriotza infekzio horren ondorio zuzena izan denik. Hala ere, aitortu dute probabilitatea "handia" dela.
Iturri horiek argitu nahi izan dute, behin kasuak ezagututa, kasu hauetan "beharrezko jarduerak" burutu zituztela: kontaktu estuak identifikatzea -30 pertsona baino gehiago dira-, esposizio osteko profilaxia eta osasunaren jarraipena. Horrez gainera, gutxienez 25 pertsona txertatu dituztela jakinarazi dute.
Tximinoaren baztangaren birusak (mpox izenez ere ezaguna) hainbat sintoma eragin ditzake: sukarra, buruko mina, muskuluetako mina, gongoil linfatikoen hantura eta larruazaleko lesioak. Osasun-baldintza jakin batzuk dituzten pertsonetan, bereziki immunitate-sistema konprometitua dutenetan, larriagoa izan daiteke infekzioa.
Tximino baztangaren lehen agerraldia Euskadin 2022an izan zen Euskadin; 245 kasu atzeman ziren. Ondorengo urteetan intzidentziak behera egin du nabarmen, gorabeherekin bada ere: 2023an kasu bakarra izan zen, 12 kasu 2024an, sei 2025ean eta aurten, oraingoz, 35 kasu diagnostikatu dituzte.
Osasun Sailaren ustez, kasu kopurua "ez da kezkagarria".
Gomendioak
Osasun Sailak gogorarazi duenez, infekzioak ez kutsatzeko hainbat prebentzio-neurri har daitezke, ohiko higiene-neurriez gain (eskuak garbitzea, adibidez).
Sintomak izanez gero
- Etxean isolatzea, lesioak sendatu arte
- Lesioak estaltzea
- Eremu komunetan musukoa erabiltzea
- Kontaktu esturik ez izatea
Kontaktu estuen kasuan
- Sintomak 21 egunez zaintzea
- Tenperaturaren eguneroko kontrola
- Gizarte-harremanak murriztea
- Sexu-harremanik ez izatea
- Sukarra edo erupzioa izanez gero, isolatu
Osasuna