Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak iruzur batez ohartarazi du eta argitu du ez duela etxeetan ezer kobratzen
Partzuergoak ohar bidez azaldu duenez, erabiltzaileak zerbait ordaindu behar izanez gero uraren hurrengo fakturan gehitzen da.
Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren bulego bat. Artxiboko argazkia: Europa Press
Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak Bilbon antzemandako iruzur baten berri eman du. Gaur, ostegunez, ohar bidez azaldu duenaren arabera, teknikari itxurak egin zituen pertsona batek etxebizitza batera sartu eta uraren giltzak ikuskatzeagatik bezero bati ordainarazi egin zion. Ildo horretan, nabarmendu du etxeetan ez dutela inoiz dirurik kobratzen.
Partzuergoak gaineratu duenez, erabiltzaileak zerbait ordaindu behar izanez gero uraren hurrengo fakturan gehitzen zaio.
Halaber, kudeaketa eta mantentze lanak doakoak direla nabarmendu du. Esaterako, kontagailuaren irakurketa egitea, zaharra kendu eta berria jartzea edota konpontzea.
Azken orduetan Bilboko bezero batek Partzuergoari jakinarazi dionez, teknikaria omen zen pertsona batek ur giltzak ikuskatzeagatik faktura egin eta kobratu egin dio.
Gertakari horien aurrean eta zalantzarik izanez gero, beraiekin harremanetan jartzea gomendatu du Partzuergoak.