LGTBIfobia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bi gaztek eraso homofoboa sufritu dute Iruñean

Nafarroako Gobernuak eta Udalak "erabat" gaitzetsi dute erasoa, eta LGTBIfobiaren aurkako konpromisoa berretsi dute. Nafarroako hedabideen arabera, gizon bat atxilotu dute lesio eta gorroto delituak leporatuta.

Bi gaztek eraso homofoboa jasan dute Iruñean ostiral goizaldean. Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak erasoa gaitzetsi dute eta LGTBIfobiaren aurka borrokatzeko konpromisoa azpimarratu dute.

Nafarroako hedabideen arabera, Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du, lesio eta gorroto delituak egotzita. Gertatutakoa ikertzen jarraitzen du.

Nafarroako Gobernuak "erabat" errefusatu du erasoa, eta "elkartasuna eta babesa" adierazi die biktimei. Adi berean, "lehenbailehen sendatzea" nahi du. Gainera, berretsi du erabat gaitzesten duela orientazio sexuala, identitate sexuala edo genero-adierazpena dela eta egindako indarkeria, diskriminazio edo intolerantziaren edozein adierazpen.

Aldi berean, LGTBI+ pertsonen benetako berdintasun eraginkorra bermatuko duten politika publikoak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa adierazi du, indarkeria eta gorroto-delituen aurkako prebentzioa, arreta integrala eta erantzuna indartuz.

Foru Gobernuak uste du LGTBI+ pertsonen berdintasunerako foru plana "tresna estrategikoa dela LGTBIfobiaren prebentzioan, eskubideen babesean eta gizarte askeago, seguruago eta inklusiboago baten eraikuntzan aurrera egiteko", eta herritarrei dei egin die "jarrera aktiboa izan dezaten gorrotoaren eta diskriminazioaren aurrean".

"Gorrotoaren aurrean, berdintasuna. Indarkeriaren aurrean, bizikidetza. Diskriminazioaren aurrean, eskubideak eta askatasuna", amaitu du.

Iruñeko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak eraso homofoboa salatu du

Azaroaren 6 goizaldean bi gaztek jasandako eraso homofoboaren aurrean, Iruñeko Udaleko talde politiko guztiek, Bozeramaileen Batzordearen bidez, “erabateko gaitzespena eta haserrea” adierazi dute erasoaren aurrean, eta gaitzespen-adierazpena eta “erasoa jasan duten bi gazteei elkartasuna” adierazi diete.

“Gure hirian gertatzen den edozein eraso lgtbifobiko” gaitzesten dutela berretsi dute, eta konpromisoa hartu dute “horiek desagertarazteko, segurtasuna hobetzeko eta pertsona guztien sexu eta genero askatasuna bermatzeko, mota guztietako inguruneetan”.

Ildo berean, “sexu eta genero askatasunaren aurkako edozein indarkeriaren aurrean aktibo egon daitezen” dei egin diete herritarrei, eta pertsona guztiek dutela "beren harremanei, gorputzari eta sexualitateari buruz erabakitzeko eskubidea” gogorarazi dute.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X