URTEURRENA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Amaia Egaña gogoan, 14 urteren ondoren: etxagabetzeen gordintasuna salatu dute hainbat eragilek Barakaldon

Gaurko egunez orain dela 14 urte, bizi zen etxea kendu behar zioten une berean bere buruaz beste egin zuen emakumea oroitu dute gaur Barakaldon.
Amaia Egañaren heriotzaren aurrean, herritarrak kalera atera zien. EITBren artxiboko irudia

Amaia Egañaren heriotzaren aurrean, herritarrak kalera atera zireneko argazkia. EITBren artxiboko irudia

53 urteko Amaia Egañaren heriotzak gogor jo zuen duela 14 urte Barakaldo ez ezik, gizarte osoa ere. 2012ko azaroaren 9an bere buruaz beste egin zuen, kaleratu behar zutenean, kendu zioten etxebizitzatik salto eginda. Tragedia hark etxegabetzeen gordintasuna agerian utzi zuen eta inflexio-puntu bat izan zen askorentzat. Herria protestan atera zen halakorik gehiago errepikatu ez zedin eskatzeko, eta gaiaren inguruan hausnartzera eraman zituen eragile eta politikariak. 

Eragina berehalakoa izan zen. Espainiako Gobernuak premiazko krisi-kabinetea deitu zuen egun gutxira. Ondorioz, gertakaria izan eta astebetera, 27/2012 Errege Lege Dekretua onartu zuten, egoera ahulenean zeuden kolektiboen etxegabetzeak bi urtez izozten zituena. Geroago iritsiko ziren etxebizitza babesteko gainerako arau guztiak. 

Etxegabetzeek, baina, ez dute etenik izan denbora honetan. Gaur, haren heriotzaren urteurrenean, eragile sozialek eta sindikatuek elkarretaratzea egin dute Barakaldoko epaitegien aurrean, Amaiaren oroimenaren alde, eta ezkerraldean egoerak gaur gaurkoz gordin jarraitzen duela salatzeko. Izan ere, harrezkero, urte hauetan zehar 2.670 familia etxegabetu dituzte Barakaldon bakarrik, Berri Otxoak plataformaren datuen arabera. 

Gatazka honen ondorioz, hain zuzen ere, datorren azaroaren 11ko Greba Orokora deitu dute Hego Euskal Herrian. Duela 14 urte Amaia Egañaren heriotzak azaleratu zuen arazoak gaur egun mobilizazio nagusien erdigunean izaten jarraitzen du. Izan ere, etxebizitzarako eskubidea bete gabeko promesa izaten jarraitzen du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X