Gasteizko Legutianoko atea kalea itxita egongo da 2027ko maiatzera arte, berritze lanak tarteko
Irailean hasi zuten kalearen erreforma integrala, eta datozen hilabeteetan zirkulazioa aldatuko dute obrek. Obrek garraio publikoari ere eragingo diote.
Gasteizko Legutianoko atea kalean trafikoa etengo dute gaurtik 2027ko maiatzaren amaiera arte, Karlos I. Enperadorearen plazaren eta Frantzia kalearen arteko zatian. Inguru horretan egiten ari diren hornidura eta saneamendu lanengatik itxiko dute kalea.
Irailean hasi zuten kalearen erreforma integrala, eta datozen hilabeteetan zirkulazioa aldatuko dute obrek.
Itxiera gorabehera, bertan garajeak dituztenek edo zerbitzu edo zamalanak egin behar dituztenek sarbidea izango dute. Horretarako, errei "berezi" bat jarriko dute, Kalonjeen Bidea kaletik sartu eta Frantzia kaletik aterako dena.
Udalak bi ibilbide alternatibo proposatu ditu gainerako gidarientzat: lehena Errege Katolikoen kaletik, Arriagako atetik eta Loiolako San Inaziotik igaroko da, eta bigarrena Errege Katolikoen kaletik Ballester apezpikutik eta Jose Mardonesetik pasatuko da.
Obrek garraio publikoari ere eragingo diote. TUVISAren (Betoño-Goikolarra) 3. lineak eta Gautxori G1 lineak ibilbideak egokitu beharko dituzte 2027ko azaroaren 9tik maiatzaren 30era bitartean.
3. linearen kasuan, ibilbide aldaketek ez diete ohiko geralekuei eragingo. Gautxori G1, aldiz, ez da geldituko Frantzian/San Antonen. Erabiltzaileek Ballester apezpikuaren eta Jose Mardonesen geralekuak erabili ahal izango dituzte alternatiba gisa.