A25
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jarrera "neutralak" indarkeria matxista hauspotzen duela mahaigaineratzen du aurtengo Emakunderen kanpainak

Urtero bezala, EAEko erakundeek A25erako kanpaina taxutu dute Emakunderen gidaritzapean. "Indarkeria matxistaren aurrean, zure lekuak axola du" da aurtengo leloa, eta bakoitzak indarkeria matxistaren aurrean hartzen duen tokiaz hausnartzeko deia egin nahi du.
Iragarkia
18:00 - 20:00

“Indarkeria matxistaren aurrean ez dago leku neutralik, eta pertsona bakoitzak aukeratzen duen lekuak dena alda dezake”. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariaren hitzak dira horiek, eta ondo baino hobeto deskribatzen dute emakumearen euskal erakundeak foru aldundiekin eta Eudelekin batera A25erako prestatu duten kanpainaren xedea. Aurtengo kanpainak "Indarkeria matxistaren aurrean, zure lekuak axola du" du lelotzat, eta ustezko neutraltasunak indarkeria bera hauspotzen duela mahaigaineratzen du. Hala, giza eskubideen urraketa larri horren aurrean jarrera proaktiboa hartzeko deia egiten die herritarrei.

Elgarrestak Esther Apraiz EUDELeko presidentearekin eta Foru Aldundietako Berdintasun zuzendariekin batera agerraldia egin du gaur Lehendakaritzan kanpainaren nondik norakoak azaltzeko.

"Pentsa dezakegu, indarkeria matxista bezalako egiturazko arazo baten aurrean, gure jarrerak ez duela eraginik. Baina, egia esan, indarkeria matxistaren aurrean ez dago leku neutralik, eta pertsona bakoitzak aukeratzen duen lekuak dena alda dezake ", adierazi du Emakunderen zuzendariak prentsaurrekoan.

Elgarrestaren arabera, herritarrak erne ibili behar dira indarkeria matxista kasua atzemateko, eguneroko keinu txikietan ere agertzen baita indarkeria eta "desnaturalizatu eta ikusarazi egin behar baita".

Ildo beretik mintzatu dira gainerako ordezkariak ere. Esther Apraiz EUDELeko presidenteak ere inplikazioa eskatu dio EAEko gizarteari: “Emakumeen aurkako indarkeria gaitzestea garrantzitsua da, baina ez normalizatzea eta isilik ez egotea ezinbestekoa da. Inplikazioak irtenbidearen parte egiten gaitu ".

Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatuak adierazi duenez, "indarkeria matxistaren aurrean beste alde batera begiratzeak garrantzia kentzen die zenbait portaerari. Isilik egoteak edo beste pertsona batzuei konpontzea dagokiela pentsatzeak ondorioak ditu. Indarkeria matxistak isiltasuna behar du mantentzeko eta ugaltzeko, eta axolagabekeria ez da inoiz jarrera neutrala".

Trinidad Vicente Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, bestalde, bereziki gizonei egin die erantzuteko deia. Azkenik, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak azpimarratu du ez dela nahikoa indarkeriarik ez erabiltzea, “haren aurka modu aktiboan kokatu behar dugu”.

Ia 5.000 emakumek salatu dituzte gizon matxistak 2026an

Emakundeko zuzendariak aurten jasotako salaketei buruzko zifrak eman ditu agerraldian. "2026ko urtarriletik urrira ia 5.000 emakumek (4.814) salatu dute indarkeria kasuren bat Euskal Autonomia Erkidegoan. Eta badakigu beste emakume askok ere jasan dutela, baina ez dute salatu, ezta inorekin partekatu ere. Datuak icebergaren punta dira "adierazi du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X