Zaldibiako suteak 80 hektarea kiskali ditu dagoeneko
Eguerditik aurrera, nabarmen zabaldu da sutea. Oraingoz, baina, ez dute inor etxetik atera behar izan, eta sua itzaltzeko baliabideak berrantolatzen ari dira kaltetutako eremuetako lanak indartzeko.
Guztira, hiru parketako 26 suhiltzaile, lau basozain eta bost teknikari espezialista ari dira lanean Zaldibiako baso sutea itzaltzeko, dagoeneko 80 hektarea lur erre baititu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, sua iparraldera eta hego-ekialdera zabaltzen ari da, eta ezin itzalita jarraitzen dute suhiltzaileek. Olaberriako sutea, ordea, kontrolpean dute; han 0,5 hektarea kiskali dira.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Euskadiko Baso Suteen Arriskuagatiko Larrialdi Plan Bereziaren larrialdi faseko 1. egoera ezarri du, sutearen bilakaera dela eta.
02:50 aldera piztu da sua Zaldibiako Aiestaran Erreka auzoko zuhaitz gune batean. Eguerditik aurrera, galdu egin dute sutearen kontrola. Oraingoz, baina, ez dute inor etxetik atera behar izan, eta sua itzaltzeko baliabideak berrantolatzen ari dira kaltetutako eremuko lanak indartzeko.
Segurtasun Sailak herritarrei gomendatu die ez gerturatzea kaltetutako gunera, larrialdi zerbitzuen lana errazteko, eta uneoro jarraitzea Ertzaintzaren eta sua itzaltzeko taldeen jarraibideei.