Egiptok 'amorrua eta askatasunaren ostirala' bizi du gaur
Egipton protesta eguna dute gaur, eta kalean jende mordoa biltzea espero da. Oposizioko kide nagusiak azken orduetan atxilotu egin dituzte eta Interneten eta mugikorren bidezko komunikazio sistemak eten egin dituzte.
Oposizioak jendea kalera irteteko deitu du eguerdiko otoitzen ostean. Horrela, Hosni Mubarak presidentearen erregimenaren kontra asteartean hasitako protestak jarraitu nahi dituzte. Mubarak 1981tik da Egiptoko presidentea.
Manifestazioak deitu dituzten taldeen artean Apirilak 6ko Mugimendua dago. Hauen esanetan, gaurko eguna "amorrua eta askatasunaren ostirala" bilakatu behar dute, herritarrak Egiptoko leku guztietako protestetan parte hartuta.
Mugikor eta Internet barik
Egiptoko hiriburuan, Interneteko konexioak etenda daude protesta jardunaldiaren atarian.
Interneteko hornitzailerik garrantzitsuenek ez dute funtzionatzen, ezta sare finko eta mugikorrak ere.
Momentuz, ez dago argi konexioak zergatik eten diren, baina ordu batzuk lehenago Facebook eta Twitter bezalako sare sozialak ere blokeatu egin dira, giza eskubideen aldeko erakundeek salatutakoaren arabera.