Sei ekintza klimatikok 1,6 milioi bizitza salba litzakete, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera
OMEk ekintza klimatikoa bizkortzeko eskatu die Nazio Batuei, eta ekintza-sorta bat proposatu die 16,7 milioi tona CO2 gitxiago isurtzeko. Pertsonen bizitza jokoan dagoela gogoratu dute txostenaren egileek.
Lanak Antalyan (Turkia). Bertan egingo dute COP31 klimaren gailurra, azaroaren 9tik 20ra bitartean.
Maila globalean sei ekintza klimatiko eta sanitario aplikatzeak 1,6 milioi bizitza salba ditzake urtean, eta 3.500 milioi euroko irabaziak eragin, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera.
Datozen egunotan Antalyan (Turkia) egingo den Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen (NBE) 31. Konferentziaren (COP) atarian, OMEk "Klima-aldaketari eta osasunari buruzko lehentasunezko neurrien onurak eta kostu globalak" txostena egin du, NBEri proposatzen dizkion sei ekintzak identifikatzeko.
Proposatutako neurri-sortak 16.700 milioi tona karbono dioxido (CO2) murriztea ekarriko luke, hau da, munduko isurketen % 31 (lurzoruaren erabilera, lurzoruaren erabileraren aldaketa eta basogintza alde batera utzita).
Hauek dira proposatutako neurriak: beroaren ondoriozko osasun-arriskuei buruzko alerta-sistemak; klima-aldaketarekiko erresistentea den edateko uraren hornidura; oinarrizko saneamendua; eskuen higienea; etxeko energia-iturri garbiagoak; eta erregai fosilen prezioetan eragiteko zerga-politikak.
Txosten teknikoak neurri horien kostuak eta onurak ebaluatu ditu, eta heriotzen eta berotegi-efektuko gasen emisioen balizko murrizketak kuantifikatu ditu. Halaber, neurri horiek ezartzeagatiko inbertsioaren itzulera aztertu du eta datu kuantitatiboak eman ditu mundu mailan klimarekin eta osasunarekin lotutako neurriak sustatzeko.
"Ez da nahikoa egin 30 COPetan"
Klima Aldaketari buruzko Konferentziaren (COP) 31. edizioa egiteko egun gutxi falta direla probestuz, txostenaren aurkezpenean kargu hartu diote NBEri. Diarmid Campbell-Lendrum OMEko Klima Aldaketa, Airearen Kalitate, Energia eta Osasunerako Unitateko buruak salatu du "ez dela nahikoa egin" aurreko 30 edizioetan, eta nazioarteko buruzagiei eskatu die negoziatzeko "pertsonen bizitza jokoan balego bezala, halaxe baitago".
Campbell-Lendrumek eskatu du eragin ekonomikoari buruzko ziurgabetasuna ez dadila aitzakia izan erabakiak hartzeko orduan; izan ere, OMEren txostenak "erakusten du hori ez dela horrela". Izan ere, txostenaren arabera, aztertutako bost neurritan, inbertitutako euro bakoitzak 24 euroko etekinak sortuko lituzke, eta irabaziak are handiagoak izango lirateke errenta baxuko eta ertaineko herrialdeetan, osasun eta ekonomia arloko desberdintasunak murrizten lagunduz.
Neurriek biztanleria osasuntsuagoa, emisio txikiagoak eta ekonomia sendoagoak ekarriko lituzkete, OMEren arabera. "Heriotzak, gaixotasunak eta galera ekonomikoak saihesteko, herrialdeek ekintza klimatikoa bizkortu beharra daukate orain", adierazi du Frank Pega OMEko Klima Aldaketaren, Airearen Kalitatearen, Energiaren eta Osasunaren Unitateko Klima-osasunaren Ekonomiako teknikariak.
Frank Pegak osasun klimatikoa "inbertsio gisa" hartzeko eskatu die herrialdeei, eta ez "kostu gisa". Adierazi du osasun klimatikoan inbertitzeak, besteak beste, bizitzak salbatzea eta ekonomiak indartzea dakarrela.