Caprilesek ez zuen beste erremediorik
Henrique Caprilesek ez zuen Venezuelako oposizioaren hautagaia izan beste erremediorik. Jakin badaki egiten duen edozer eginda ere bere karrera politikoa arriskuan dagoela.
Txabisten hautagai den Nicolas Maduroren aurrean galtzen badu jarraian bi porrot jaso dituelako izango da eta aurkeztera ausartu ez balitz berriz politikoki bere figura berehala ahaztuta geratuko zelako. Kontuak kontu, Caprilesek ordezkatuko du azkenean Batasun Demokratikoaren Mahaia, 30 bat alderdi batzen dituen taldea zentro ezkerretik hasi eta zentru eskuineraino.
Caprilesek hauteskundeak galdu zituen joan den urrian Hugo Chavezen kontra, azken honek milioi terdi boto gehiago jaso zituen, 10 puntutik gorako aldeaz irabazi zion beraz Chavezek. Argi dago Maduro ez dela Chavez, ez duela bere karismarik, baina abantaila handia du, duela 6 hilabete eskas Chavezek lortutako botoak kudeatzen jakiten badu. Duela hiru bat hilabete txabistek oso garaipen zabala eskuratu zuten erregioetan egindako hauteskundeetan.
Maduroren estrategia argia da: Chavezen jarraitzaile modura aurkeztea arlo guztietan. Bere hitzaldietan ahotsaren tonoa ere kopiatzen hasi zaio. Caprilesek, ordea, egin behar duena da Chavezetaz ahaztu eta etorkizunaz arduratu. Oposizioko botoemaleak konbentzitu behar ditu dena ez dagoela galduta, ez dela etxean gelditu behar eta posible dela egoerari buelta ematea. Egia da dena den hainbeste porrot jaso eta gero oposizioa etsita dagoela.