Ipar Koreak negoziazioak hastea proposatu die AEBei
Ipar Koreak negoziazioak hasi nahi ditu Ameriketako Estatu Batuekin, Koreako penintsulako tentsioa baretzeko. Aste honetan, bertan behera gelditu zen Ipar Korearen eta Hego Korearen arteko goi-bilera.
"Goi mailako elkarrizketak egitea proposatzen diogu AEBei, Koreako penintsulako tentsioak baretzeko eta eskualdeko segurtasuna eta bakea bermatzeko", adierazi du Ipar Koreako Defentsa Batzorde Nazionaleko bozeramaileak ohar bidez.
Negoziazio horien helburua hainbat gairen inguruan eztabaidatzea izango da, tartean, arma nuklearren auzia, Ipar Korearen arabera.
Ipar Koreako KCNA albiste agentziak argitaratu duenez, AEBetako Gobernuak bileraren tokia eta data aukeratu ahal izango du, baina ezin izango du bestelako aurrebaldintzarik inposatu.
Programa nuklearra
Pyongyangeko Gobernuak ez du atzera egingo eta programa nuklearrari eutsiko dio.
Ipar Koreako goi-organo militarrak azaldu duenez, programari eutsiko diote Washingtonek beldurra eragiteari uzten ez dion bitartean.
"Gure desnuklearizazioak berekin ekarri behar du Hego Korearena, eta AEBetako Gobernuak ere mehatxu nuklearrak egiteari utzi beharko lioke", gaineratu dute.