Libano hegoaldea bonbardatu du Israelek, bost suziri jaso ostean
Israelek Libano hegoaldeko zonalde batzuk bonbardatu ditu gaur, bi suziri libanoar jaso ostean.
Iturrien arabera, hogeita hamar suziri baino gehiago jaurti ditu Israelek Libano hegoaldeko Jraibeh, al Mari, Rachaya al Fajar, Wata Jiam, Ebel el Saqi eta Wazani eskualdeetara, eta ez da inor hil erasoetan.
NBEren Libanoko indarren (FINUL) bozeramaile Andrea Tennentiren arabera, ehun suziri baino gehiago jaurti ditu gaur Israelek Libanoren aurka.
Nazioarteko indarren burua, Paolo Sierra jenerala, bi aldeekin kontaktuan jarri da, egoerak okerrera egin ez dezan.
Libanok Jiam herritik gertu bota zituen Israelen aurkako bi suziriak, baina ez dago argi biak Israelen erori ote ziren edo ez.
22 urteko okupazioaren ostean, 2000. urteko maiatzean utzi zuen Israelek Libano hegoaldea, baina, NBE aurka egon arren, Libanoren aireko espazioan sartzen jarraitzen du egunero.
Israelen abisua
Galilea iparraldean suziri libanoarrak jasotzen jarraitzen badu, gogor erantzungo duela jakinarazi dio gaur Israelek Libanoko Gobernuari.
"Libanoko Gobernua eta Ejertzitoa dira euren lurraldean gertatzen ari denaren arduradunak. Ez dugu horrelako gertakaririk onartuko", esan du Moshe Yaalon Defentsa ministroak.
"Beharrezkoa bada, Ejertzitoak sekula baino gogorrago erantzungo du", ohartarazi du.
Ban Ki-moonek Israelen kontrako erasoa gaitzetsi du
Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Libano gaitzetsi du Israelen kontra misilak jaurtitzeagatik.
"Indarkeria oldeak indarra har ez dezan, Libanoko eta Israeleko agintarien lankidetza ahalegina estimatzen du idazkari nagusiak", adierazi du NBEko idazkari nagusiak ohar batean.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte