Talde batek Krimeako Parlamentua eta Gobernuaren egoitza hartu ditu
Errusiar Hiztunen Autodefentsa taldeak Krimeako, Ukrainako errepublika autonomoko, Parlamentuaren eta Gobernuaren egoitzak hartu ditu gaur goizaldean, bertako hedabideek eta agentziek jakitera eman dutenez.
"Uniformeak zeramatzaten gizonezko talde batek eraikinak hartu dituela jakinarazi didate, baina ez zeramaten bereizgarririk eta oraingoz ez dute eskaririk egin", adierazi du Refat Txubarov Ukrainako Parlamentuko diputatuak hasiera batean. Hala ere, geroago jakin da Errusiako banderak jarri dituztela, eta horrek agerian utzi du agintari berrien kontrako mugimendua da.
Unian albiste-agentziak eta LifeNews webgune errusiarrak azaldu dutenez, Krimeako Errusiar Hiztunen Autodefentsa taldea izan da bi eraikinak hartu dituena.
LifeNewsen arabera, taldea militar eta zerbitzu sekretuetako agente ohiek osatzen dute, baina ez du zehaztu nongoak diren.
Rusia 24 kateak zabaldu duenez, erasotzaileek "Parlamentuko presidenteari eta diputatu hautetsiei" soilik utziko diete eraikinean sartzen.
Separatismoaren kontrako neurriak
Oleksander Turtxinov presidente berriak eta segurtasun agintari nagusiek Krimeako "separatismo seinaleak" salatu eta biharamunean izan da erasoa, errusieraz hitz egiten duen eskualdean eta agintari berrien kontrako protestak izan diren lekuan.
Turtxinovek bilera egin du ministerioekin eta agentziekin Krimeako penintsularen egoera zein den aztertzeko. Denek bat egin omen dute "lurraldearen osotasunaren kontrako mehatxuei" aurre egiteko. Viktor Janukovitx presidentea kargugabetu ostean jarritako jarduneko agintariek gogor joko omen dute Ukrainaren batasuna arriskuan jartzen dutenen kontra.
Krimeako (1954 arte Errusiaren menpe zegoen) goi-kargudun batzuk mugimendu independentistaren alde agertu dira, eta milaka lagun mobilizatu dira agintari berrien kontra.
Atzerri Gaietarako eta Hezkuntza ministroak kargugabetu ondoren, Turtxinovek bertan behera utzi zuen hizkuntza gutxituak babesten zituen legea, tartean errusiera, eta horrek tentsioa areagotu du.
Horri Svoboda alderdiak aldaketa politikoan izan duen pisua gehitu behar zaio, alderdi horretako burua faxistatzat duelako eta Alemaniako naziei lagundu zien buruzagia delako.
Polizia eta soldaduak, alertan
Arsen Avakov Ukrainako jarduneko Barne ministroak alerta egoeran jarri ditu bere esku dauden Krimeako Polizia eta soldaduak.
Barne Ministerioaren arduradunak azaldu duenez, Simferopolen egoitzak hartu dituzten ekintzaileek fusil automatikoak eta metrailetak zeramatzaten.
Orain, Poliziak inguratuta omen ditu bi eraikinak eta "beste neurri batzuk" hartuko dituzte "muturreko ekintzei aurre egiteko eta egoerak okerrera egin ez dezan".
Krimeako lehen ministroaren mezua
Violetta Lisina Krimeako Gobernuko bozeramaileak baieztatu egin du egoitza eta Parlamentua hartu duela 30 lagunek osatutako talde batek, baina ekintza horretan ez dela inor zauritu jakinarazi du.
Erasotzaileek arazorik gabe eta armak soinean zituztela utzi diete ateratzen eraikina zaintzen ari ziren poliziei.
Bozeramaileak iragarri duenez, Anatoli Moguiliov Krimeako lehen ministroak mezua igorriko die gaur herritarrei telebistan.
Errusiak alertan jarri ditu borroka hegazkin bonbaketariak
Errusiako Defentsa Ministerioak iragarri du borrokarako alertan jarri dituela Ukrainarekin muga egiten duen eremuan dituen borroka hegazkin bonbaketariak, Interfax albiste-agentziak jakitera eman duenez.
"Borroka hegazkin bonbaketariak patruilak egiten ari dira mugako eskualdeetan", adierazi du Defentsa Ministerioak. "Alertan egoteko agindua jasotzen duen momentutik aurrera, Aireko Armada baseetatik atera da", azaldu du.
Errusiak herrikideen eskubideak babestuko ditu "irmoki"
Errusiako Atzerri Gaietarako Ministerioak, Krimeako liskarren ondoren, ohartarazi du "irmoki" defendatuko dituela herrikideak.
"Atzerri Gaietarako Ministerioak herrikideen eskubideak defendatzen jarraituko du nazioartean. Irmotasunez erantzungo du eskubide horiek urratzen dituztenean", adierazi du Sergei Lavrov buru duen Ministerioak Interneteko sare sozialetan. Ukrainan gertatzen ari diren "giza eskubideen urraketa larriek" Errusian kezka handia sortzen dutela azpimarratu du.
Turtxinovek mugimendurik ez egiteko eskatu dio Errusiari
Alexandr Turtxinov Ukrainako jarduneko presidenteak berehala erantzun dio Errusiari, eta Itsaso Beltzean dituen ontziak ez mugitzeko eskatu dio, "edozein mugimendu eraso gisa hartuko dugu bestela".
Errusiak ukatu egin du Yanukovitx bertan dagoela
Bestalde, Moskuk ukatu egin du Viktor Yanukovitx kargugabetutako presidente ukrainarra bere herrialdean dagoela. Presidente ohia bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen auzitegi batek, eta hedabide batzuek esan dute Errusian dagoela ezkutatuta.
Zure interesekoa izan daiteke
SpaceXen kohete batek Ilargiaren kontra talka egin duela esan du NASAk, baina adierazi du ez duela arriskurik ekarriko
2025eko urtarrilean jaurtitako Falcon 9 kohete baten goiko zatiak, planifikatu gabe, talka egin du Ilargiaren gainazalarekin, eguzki-jardueraren eta grabitate-indarren konbinazio baten ondorioz.
Iranek eta Omanek Ormuzen nabigatzeko bide berri bat adostu dute
Itsasarteko bide berri hori egiteko akordioa lortu izanak ez du esan nahi berriro irekiko dutenik, Iranek zehaztu duenaren arabera, AEBren eta Israelen arteko erasoaldi militarraren ondorioz itxi baitzuten.
Marokok dozenaka pertsona auzipetu ditu Ceutako krisiarekin lotutako delituengatik
Marokoko Giza Eskubideen Elkartearen arabera, 34 pertsona auzipetu dituzte Tetuanen (tartean, bost adingabe) eta 52, Nadorren.
Danubiok bere sekretuak agerian utzi ditu lehortearen ondoren: mamut baten aztarnak eta nazien ontziak azalera atera dira
Danubio ibaiak, Europako bigarren luzeenak, lehorte historikoa bizi du, eta bere ur-emaria murriztu denez, iraganeko aztarna harrigarriak utzi ditu agerian: mamut baten aztarnak azaldu dira Bulgarian, eta Bigarren Mundu Gerran hondoratutako dozenaka ontzi ikusgai geratu dira Serbian.
Gutxienez 14 pertsona hil eta 27 zauritu dira Errusiak Kiev eskualdean gauez egindako erasoetan
Brovary barrutian "sute handiak" izan dira biltegi batzuetan, eta baita Velyka Dymerka, Kvitneve eta Peremoga herrietan ere. Astearte honetan, Volodimir Zelensky Ukrainako presidenteak Errusiaren aurkako operazio gehiago egitekotan zela iragarri osteko erantzun gisa egin ditu Moskuk azken erasoak.
Bruselak esan du EBk "lanak ondo" egin dituela Ceutan, eta "migrazio erreformak bizkortzeko" eskatu du
Magnus Brunner Europako Barne eta Migrazio komisarioaren hitzetan, Ceutan lehertutako krisitik ateratako ondorio nagusia da Europar Batasuneko kideek "bat eginda" kudeatu behar dituztela migrazio politikak.
EBko Barne ministroek Ceutako krisia aztertuko dute gaur, ezohiko bilera batean
Europar Batasuneko Barne Ministroen Ezohiko Kontseilua gaur bilduko da, Espainiak eskatuta eta 22 estatu kidek babestuta, Ceutako migrazio-krisia aztertzeko eta Marokotik etorritakoen gorakadari erantzun bateratua emateko.
Marokok mafiei, desinformazioari eta itzulketei buruzko gaizki-ulertuei egotzi die Ceutako krisia
Marokoko Barne Ministerioak migratzaileak Ceutan masiboki sartu izanari buruzko lehen balorazioa egin du, eta 11 pertsona hil direla adierazi du. Rabaten esanetan, giza trafikoko sareek, desinformazio kanpainek eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epai baten interpretazio okerrak eragin dute egoera. Epai horren ondorioez ohartarazi zion Marokok Espainiari, bertako iturri baten arabera.
Ormuzko itsasartearen eta Iranen desnuklearizazioaren inguruko akordioa "berehala" helduko dela uste du Trumpek
Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak adierazi duenez, gaur arratsaldean bilduko da Teheranekin, Golkoko zenbait herrialderen eskaeraren ostean. Irango Atzerri ministroaren arabera, ordea, Washingtonek ez du Ormuzko itsasartearen inguruko elkarrizketetan parte hartzen.
Idahoko tiroketaren osteko izua: bideo batek jendea oihuka ihesi erakusten du
Auto batetik grabatutako irudietan hainbat pertsona korrika ihesi hasten diren unea ikus daiteke, tiroketa baten berri izan ostean. Gutxienez hiru pertsona hil dira, eta bi zauritu. Ustezko erasotzailea hilda aurkitu dute bertan.