Donald Tusk poloniarra, Europako Kontseiluko presidente berria
Europar Batasuneko 28 herrialdeetako estatuburu eta gobernuburuek bi goi kargu berri aukeratu dituzte larunbat honetan Bruselan egiten ari diren bileran. Hala, Donald Tusk poloniarra izango da Europako Kontseiluko presidente berria, Herman Van Rompuy ordezkatuz, eta Federica Mogherini Italiako Atzerri ministroa aukeratu dute diplomazia buru.
"Europako Kontseiluak Donald Tusk lehen ministro poloniarra aukeratu du Europako Kontseiluko presidente eta Euroaren goi-bileren presidente", iragarri du Herman Van Rompuy egungo Europako Kontseiluko presidenteak haren Twitter kontuan. "Europako buruzagiek Federica Mogherini Italiako Atzerri ministroa aukeratu dute, berriz, diplomazia buru", gaineratu du.
Herman Van Rompuyren agintaldia azaroaren 30ean amaituko da eta Donald Tusk poloniarrak hartuko du haren tokia. Mogherinik, berriz, Catherine Ashton ordezkatuko du eta Jean-Claude Junckerrek zuzendutako Europako Batzordearen presidenteordeetako bat izango da. Europako Parlamentuaren onespena izanez gero, azaroaren 1ean hasiko da lanean Jean-Claude Junckerrek gidatutako taldea.
Kargu aldaketak adostu ondotik, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko egungo presidentea kazetarien aurrera agertu da Tusk eta Mogherini alboan zituela. "Zorionak bioi. Europako Kontseiluaren erabateko babesa duzue eta adostasun hori oso garrantzitsua zen niretzat", nabarmendu du Van Rompuyk.
Donald Tusk Europako Kontseiluko presidente berri izango dena bere kargutik konpromisoak lantzeko prest agertu da, Europar Batasuna batuta mantentzeko eta hazkundea eta enplegua sustatzeko. "Jakin badakit Kontseiluko presidentearen eginkizun nagusia konpromisoak eraikitzeko lan egitea dela", adierazi du hunkituta Tuskek kazetarien aurrean. Halaber, berarentzat une garrantzitsua dela nabarmendu du.
Federica Mogherini Diplomazia buru berria izango denak, bestalde, aurretik dituen erronkak "zailak" izango direla onartu du, baina Europar Batasuneko herrialde eta hiritar guztien alde lan egiteko konpromisoa hartu du. Ukrainako krisia hizpide izan du eta Errusiaren kontrako zigorren beharra nabarmendu badu ere, diplomaziaren atea ere zabalik utzi du.
Europako goi-bileran kargu aldaketak adostu behar zituzten eta Bruselan bildutako agintariek azkar lortu dute akordioa. Uztailean egindako goi-bilera akordiorik gabe amaitu zen. Orduan, Europa ekialdeko herrialdeek Mogheriniren aukeraketa blokeatu zuten Errusiarekiko gertutasuna zuela argudiatuta. Gaurkoan, Tusk poloniarraren hautagaitzarekin korapiloa askatzea lortu dute.
Eurotaldeko buru berria
Luis de Guindos Espainiako Ekonomi ministroak Eurotaldeko presidente berri izateko nahikoa babes baduela adierazi du Herman Van Rompuyk, tartean Angela Merkel Alemaniako kantzillerrarena. Dena den, kargu aldaketa urtebete barru egingo dela azaldu du.
"Ez dugu Eurotaldeko presidentziaz hitz egin ez delako gure eskumena eta urtebete barru erabakiko delako", baieztatu du.
"Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko egungo presidentearen agintaldia 2015. urtearen erdialdean amaitzen da. Ia urtebete falta da horretarako", azpimarratu du. Are gehiago, Eurotaldeko presidentea Eurotaldeko kideek, hots, Euroguneko herrialdeetako Finantza ministroek aukeratzen dutela nabarmendu du.
Emakume gutxiagoz osatutako Batzordea atzera botako dutela berretsi du Schulzek
Orain baino emakume gutxiagoz osatutako Europako Batzordea atzera botako dutela berretsi die Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteak Europar Batasuneko buruzagiei. "Emakumeen proportzioa orain baino txikiagoa den Europako Batzorde bat pentsaezina da Europako Parlamentuarentzat", adierazi du Martin Schulzek Bruselako goi-bileraren harira egindako prentsaurrekoan.
Etorkizuneko Europa Batzordearen osaketa "atzera botatzeko" arriskua dagoela ohartarazi die Schulzek estatuburu eta gobernuburuei.
Orain arte herrialdeek egindako proposamenak aurrera aterako balira, bost emakumek osatuko lukete Europako batzordea, orain baino lau gutxiagok.
Zure interesekoa izan daiteke
Girondako sutea berraktibatu da fokuetako batean, eta beste 4.000 turista ebakuatu dituzte
Sutea gaur gauetik dago egonkortuta, baina agintariak fenomeno meteorologiko kaltegarrietarako prestatzen ari dira. Puntu horietako bat berriro aktibatu da haizearen norabidea aldatu da eta.
Gutxienez hildako bat eta dozenaka zauritu utzi ditu Japon hego-mendebaldea astindu duen 7,1 indarreko lurrikarak
Kumamotoko merkataritza-gune batean leherketa izan da, eta baliteke hildako gehiago egotea. Tsunami alerta bertan behera utzi dute.
15 urteko mutil bat atxilotu dute Seattleko tiroketarekin lotura duelakoan
Gutxienez hiru pertsona hil eta lau zauritu ziren gastronomia-jaialdi ezagun batean izandako tiroketan. Poliziak bigarren susmagarri baten bila jarraitzen du.
Macronek iragarri du Landetako sutea "kontrolpean" dagoela, baina Girondakoak "oso gogor" jarraitzen duela
Girondako departamenduan piztutako sutearen harira, Eliseoko buruak esan du "borrokan" jarraitzen dutela. "Egonkortu egin da, gutxigorabehera, baina oso gogorra izaten jarraitzen du, eta oso zuhurrak izan behar gara datozen orduetan eta egunetan", ohartarazi du.
Iranen aurkako bonbardaketak gelditzeko agindu du Trumpek, akordio bat negoziatzeko
Hala ere, ohartarazi du erasoei berriro ekingo diela elkarrizketek porrot egiten badute.
Gutxienez hiru pertsona hil eta lau zauritu dira tiroketa batean Seattle hirian
Tiroketa gastronomia jaialdi batean gertatu da. Alkatearen arabera, pertsona bat atxilotu dute gertaerarekin lotura duelakoan.
Kolonoek izua zabaltzen jarraitzen dute, Israelgo Gobernuak Zisjordaniaren aurkako setioa larriagotzen duen bitartean
Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak iragarri du "terrorismoaren aurkako" operazioak datozen asteetan ere luzatuko direla. Palestinako Aginte Nazionalak "premiazko nazioarteko interbentzioa" eskatu du.
Girondako suteak 240 etxebizitza suntsitu ditu eta 75 suhiltzaile zauritu dira
42.000 hektarea kiskali ditu jada, eta 220.000 pertsona ebakuatu behar izan dituzte. Agintariek, hala ere, baztertu egin dute Bordele husteko aukera, oraingoz. Macron presidenteak ministerio arteko bilera deitu du astelehen goizerako, krisia aztertzeko.
Poliziak larunbateko harrapaketaren ustezko egilea hil du, tiroz, Berlinetik gertu
Abdul Ballout 21 urteko gizonari urtebete eta hamar hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zioten maiatzean, Sirian Estatu Islamikoarekin bat egiten saiatzeagatik.
A63 errepidea itxi dute Baionan, Bordelerako noranzkoan, Gironda eta Landetako suteengatik
Sophie Broca Girondako prefetak bertara ez joateko eskatu die turistei. Gainera, iragarri du ez duela baimenduko "ebakuatuak itzultzea, ezta inguruko lan-jarduera garatzea ere", gutxienez astelehenenera arte.