Obamak etorkinen inguruan iragarritako neurriak, bertan behera
Texasko epaile batek bertan behera utzi ditu Barack Obama AEBko presidenteak etorkinei euren egoera legeztatzeko asmoz azaroan iragarri zuen neurri-sorta. Neurri horiek bost milioi etorkini baino gehiagori eragingo zien, eta maiatzean indarrean sartzea aurreikusita zegoen.
AEBko 26 estatuk Obamaren neurrien kontra jarritako salaketa aztertu duen epaileak dekretua bertan behera uztea erabaki du ?behin-behinean?, Efe albiste-agentziak ebazpenaren berri jaso ondoren zabaldutakoaren arabera.
Asteazken honetan abiatu behar zen Umezaroan Iritsitakoentzako Ekintza Geroratua (Deferred Action for Childhood Arrivals, DACA) izeneko neurria, milaka eta milaka etorkini erroldan izena emateko aukera eskainiz, deportazioa hiru urtez atzeratu eta behin-behineko lan-baimena lortzeko aukera eman behar diena. Epailearen erabakia, baina, neurri hori indarrean sartu bezperan etorri da, otsailaren 16ko data baitu.
2012an sortu zuten plan horri esker, miloi erdi gazte baino gehiago (ameslariak izenaz ezagutzen dituzte) deportatzea saihestu dute, eta estatubatuarren gurasoei eta behin betiko estatusa duten seme-alabei lan-baimenak ematea aurreikusten du.
Epailearen esanetan, ?demandatzaileetako batek behintzat demandari eusteko beharrezko baldintza guztiak betetzen ditu?, eta, ondorioz, ?behin-behineko agindu judiziala? eman du neurri horiek bertan behera uzteko, ?kausa honetan jasotakoen inguruan behin betiko ebazpena eman arte edo epaimahai honek bestelako agindurik eman arte?.
Epaile hori George W. Bush presidenteak izendatu zuen 2002an, eta, hori dela eta, salatzaileen alde eta Gobernuaren neurrien kontra egitea espero dute.
Halaber, litekeena da Obamaren Gobernuak helegitea aurkeztea erabaki horren aurka dagokion apelazio auzitegian, epailearen ebazpenak neurriak indarrean jartzeko prozesuan eraginik izan ez dezan eta, ondorioz, asteazkenean izena emateko ireki behar zuten epeari eragin ez diezaion.
Obama, neurriak iragartzen. Bideoa: EiTB