Estremistak agertu dira Bruselan, atentatuen kontrako ekitaldi batean
Estremista talde batek agerraldia egin du Bruselako atentatuetan hildako eta zauritutako biktimen omenez Belgikako hiriburuan egin den ekitaldian eta istiluak eragin ditu. 500-1.000 lagun artean elkartu dira Brusela erdiguneko Burtsaren plazan eta Belgikako Poliziak ur kanoiak erabili ditu jendetza sakabanatzeko.
Belgikako Gobernuaren eskariari jaramon eginez, Bruselako atentatuen kontra eta biktimen omenez gaurko deituta zuten ekitaldia atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek. Dena den, ehunka lagun kalera irten dira beren elkartasuna adierazteko.
Gobernuak kontzentrazioa atzeratzea eskatu zien antolatzaileei segurtasuna bermatzeko nahikoa baliabide ez zeudela argudiatuta eta ekitaldia atzeratzea erabaki zuten deitzaileek.
Kontuak kontu, Belgikako Poliziak esku hartu behar izan du, gaur, Brusela erdialdean Estatu Islamikoaren kontrako mezuak ("Izorra dadila Estatu Islamikoa") zabaltzen ari zirenak sakabanatzeko, RTL Belgikako irrati telebista kateak berri eman duenez. Iturri horren arabera, "Casuals" izeneko talde bateko kideak ei ziren.
Biharko ekitaldia, bertan behera
Hala, atentatuen omenez biharko iragarrita zegoen ekitaldi bat bertan behera utzi dute, Burtsaren plazan jazotakoa ikusita. Atomiumen egin behar zuten, hau da, Belgikako ikurretako batean, baina ez dute azkenean egingo, igandeko istiluengatik.
Deialdia egin duenetako batek, Emmanuel Foulon ("Egin otoitz Belgikaren alde"koa) eman du horren berri. Foulon, halaber, igandeko martxa antolatu dutenen artean zegoen.
Hamahiru miaketa eta bederatzi atxiloketa
Igandean hainbat gertaera izan dira Bruselan eta Belgikan. Hamahiru miaketa eta bederatzi atxiloketa egin dituzte, atentatuak izan zirenetik bost egun igaro direnean.
Belgikako Fiskaltza federalak jakitera eman duenez, Anbereseko probintziako bi hiritan eta Bruselan egin dituzte hamahiru miaketak, terrorismoaren aurkako operazio batean; hala ere, ez dute zehaztu ea miaketa horiek astearteko atentatuekin harreman zuzenik izan duten.
Bost miaketa Anberesen egin dituzte: lau, Malinasen; eta beste bat, Duffelen. Bruselan, ordea, zortzi egin dituzte: erdigunean, hiru; Molenbeeken eta Anderlechen, bana; eta Laekenen, hiru.
Hasiera batean, bederatzi lagun izan dira atxilotuta, baina galdeketa egin ostean bost aske utzi dituzte. Beste laurak epailearen erabakiaren zain daude, ea prebentziozko presondegian jarraituko duten ala ez.
Igandean jakin ere jakin da epaileak akusazioa egin diola Abderamane A.-ri; izan ere, epailearen arabera, Parisen ostegunean eragotzi zuten atentatu-saiakeraren harirako jarduera terroristak egin ditu. Reda Kriketen atxiloketarekin du zerikusia akusazio honek; Kriket, 34 urteko frantziarra eta ustezko terrorista, hilaren 24an eragotzitako atentatu-saiakerarekin ere omen du erlazioa.
Kriket Boulogne-Billancourten atxilotu zuten, eta Argenteuileko haren etxean (Pariseko kanpoaldean) arma astunak eta lehergailuak atzeman zituzten; hori dela eta, ikertzaileek uste dute atentatua ari zela prestatzen.
Abderamane A. prebentziozko presondegian dago eta hala jarraituko du. Ostiralean atxilotu zuten Bruselan, atentatu-asmo horrekin zerikusia duelakoan.
Ostiralean hiru lagun atxilotu zituzten Bruselan operazio horretan: Abderamane A., Rabah N. (akusazioa egin diote hari ere), eta Tawfik A. Azken hori aske utzi dute.
Txanoa daraman gizona nor den oraindik ez dute erabat zehaztu
Bestalde, ikerketak ez du zehaztu ea Fayçal Cheffou, zeini egotzi dioten ustezko zerikusia izatea Bruselan asteartean jazotako atentatuekin, aireportuko erasoen hirugarren egilea den; alegia, ea segurtasun-kamerek hartutako irudian txanoa daraman gizona den ala ez.
Asteartean Bruselako aireportuan eta Maalbeekeko metro-geltokian izandako atentatuen harirako beste inputatua Aboubakar A. da. Cheffou bezala, hori ere Bruselan ostegunean egindako miaketetan atxilotu zuten.
Italian atxilotutako pertsona Belgikara estraditatuko dute
Belgikako justiziak gaur Italian atxilotu duten aljeriarra Belgikara estraditatzeko eskaera egingo du. Aipatutako atxilotuaren aurka atxilotze-agindu bat zegoen jarrita dokumentuak faltsutzen zituen sare baten parte izateagatik. Dokumentu horiek Pariseko atentatuetan eta, seguruenik, Bruselakoetan ere erabili zituzten terroristek. Terrorista horien artean legoke Salah Abdeslam, Pariseko atentatuen talde logistikoaren ustezko buru izandakoa eta martxoaren 18an Bruselako Molenbeek auzoan atxilotu zutena.
Frantziar bat atxilotu dute Holandan, terrorismoa leporatuta
Holandako Poliziak frantziar herritar bat atxilotu du gaur Rotterdamen (Holanda), terrorismoa egotzita. Berarekin batera beste hiru pertsona ere atxilotu dituzte, NOS telebista publikoaren eta ANP albiste-agentziaren esanetan.
32 urteko gizonezkoa "Frantzian atentatu bat egiteko plangintzan parte-hartzearen susmagarria da".
Frantziako agintariek ostiralean eskatu zuten hura atxilotzea, eta Fiskaltzak laster emango dio Frantziari atxilotua, aipatutako medioen arabera.
Gizonezko horrez gain, beste hiru pertsona ere atxilotu dituzte. Horietako bi 43 eta 47 urteko bi aljeriar dira. Ez da laugarren atxilotuari buruzko daturik ezagutzen.
NOS kateak adierazi duenez, terrorismoaren aurkako operazioa oraindik indarrean dago, eta poliziak etxebizitzak arakatu ditu Rotterdamen, lekua husteaz gain.
Hildakoen arteko 28 identifikatu dituzte
Belgikako agintariek eta forentseek Bruselan izandako atentatuetako 28 biktima identifikatu dituzte formalki; bien bitartean, hiru familia DNA emaitzen zain daude.
Belgikako Krisialdi Zentroak gaur argitara eman dituen azken datuen eguneraketak ez ditu barne hartzen atentatuko terrorista suizidak, orain arte hiru besterik ez direnak, ofizialki.
Zure interesekoa izan daiteke
Trump catering kamioi batean ezkutatuta eraman zuten NATOk Turkian egin zuen goi-bileratik irtetean
AEBko inteligentzia-zerbitzuek diseinatu zuten plana, presidentearen hegazkinaren aurkako Iranen mehatxu sinesgarri bat antzeman ondoren.
130 hildakotik gora eta 500 zauritu baino gehiago, Kolonbia astindu duen lurrikararen ondorioz
Dozenaka eraikin kolapsatu dira, ospitaleak gainezka daude, aireportu batzuk itxi eta etxeratze aginduak ezarri dituzte, erreskate lanei ekiten dieten bitartean.
Gutxienez 111 hildako eta kalte handiak Kolonbian, 7,4 graduko lurrikara baten ondorioz
Hildakoen kopuru handiena Risaralda departamenduan izan da oraingoz, 40 pertsona hil baitira; Cauca haranean, aldiz, 27 eta lau Chocon, lurrikararen epizentroa. Bogotan, Calin, Popayanen, Manizalesen, Armenian, Medellinen eta erdialdeko eta mendebaldeko beste hiri batzuetan ere nabaritu dute.
Schengen eremua bermatuta dagoela esan dio Aagesenek Italiari
Espainiako Gobernuko presidenteordeak azpimarratu du Ceutan sartutako migratzaileetako bat ere ez dela penintsulara iritsi.
Israelek baztertu egin du Trumpen Gazarako 15 puntuko plana
Netanyahuk esan du Hamas erabat armagabetu arte Israelgo Armadak ez duela Gazatik alde egingo, eta baztertu egin du Palestinako Estatua sortzea.
Ebola kontrolik gabe zabaltzen ari da Kongoko Errepublika Demokratikoan eta 1.850 hildako eragin ditu jada
Inoiz izandako agerraldirik larrienak 4.053 kasu baieztatu ditu dagoeneko, eta MOEk "premiazko" erantzuna eskatu du.
Abelardo de la Espriellak Kolonbiako Presidentetza hartu du
Eskuin muturreko presidente berriak Cali aukeratu du inbestidurarako, Bogota hautatu beharrean, eta talde armatu ilegalekin elkarrizketari amaiera ematea eta legez kanpoko laboreak fumigatuko dituela iragarri du.
SpaceXen kohete batek Ilargiaren kontra talka egin duela esan du NASAk, baina adierazi du ez duela arriskurik ekarriko
2025eko urtarrilean jaurtitako Falcon 9 kohete baten goiko zatiak, planifikatu gabe, talka egin du Ilargiaren gainazalarekin, eguzki-jardueraren eta grabitate-indarren konbinazio baten ondorioz.
Iranek eta Omanek Ormuzen nabigatzeko bide berri bat adostu dute
Itsasarteko bide berri hori egiteko akordioa lortu izanak ez du esan nahi berriro irekiko dutenik, Iranek zehaztu duenaren arabera, AEBren eta Israelen arteko erasoaldi militarraren ondorioz itxi baitzuten.
Marokok dozenaka pertsona auzipetu ditu Ceutako krisiarekin lotutako delituengatik
Marokoko Giza Eskubideen Elkartearen arabera, 34 pertsona auzipetu dituzte Tetuanen (tartean, bost adingabe) eta 52, Nadorren.