Bost etorkin hil dira Siziliako itsasartean
Bost etorkin hil dira Siziliako itsasartean, eta 1.100 lagun inguru erreskatatu dituzte azken orduotan Italiako kostazainek.
Egurrezko ontzi batean aurkitu dute gorpuetako bat, eta beste lauak uretan. Italiako Gobernutik jakitera eman dutenez, kostazainen ontzia ikusi dutenean, hamar etorkin ihes egiten saiatu dira, uretara salto eginda. Horietako sei bizirik ateratzea lortu dute erreskate taldeek. Gainerakoak, itota hil dira.
Italiako Gobernuko itsas-salbamendurako langileek eta gobernuz kanpoko hainbat erakundetako ordezkariek hartu dute parte erreskatean.
Aurten, denera, 90.000 etorkin inguru iritsi dira itsasoz Italiara, eta 3.000 pertsona inguru hil dira bidean, Migrazioen Nazioarteko Erakundeak emandako datuen arabera.